Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Picu Urriellu-ko lau aurpegiak bitan igo dituzte egun bateko jardunean

Helburu hori biribildu ahal izateko, Javi Guzmanek eta Alex Gonzalezek 15 ordu eta 40 minutu behar izan dituzte. Denera, 4.000 metro eskalatu dituzte.

Batez ere lehen lerroko espezialistak, mendizaletasunaren adar oro gogor astintzen ari dira. Finean, azken urteotako bilakaeraren adierazlea baizik ez da. Izaten ari diren aldaketek aldeko eta kontrako jarrerak dituzte; hots, gizartearen arlo guztietan gertatzen den egoera bera da.

Duela urte batzuk, Picu Urriellu-ko lau aurpegiak egun batean eskalatzea erronka handia bihurtu zen. Jakina, sokada batek baino gehiagok -ez askok- erdietsi dute helburua. Eta aipatu dugun bilakaera horri erantzunez, badira plus bat gehiago emateko prest agertu diren eskalatzaileak.

Javi Guzman eta Alex Gonzalez dira, adibidez, “bandera” hori altxatu dutenak. Joan den hilabetean, bi eskalatzaileok gai izan ziren Europako Mendietako ikur berezi horrek dituen lau aurpegiak bitan igotzeko. Eta, gainera, egun bateko jarduera luzean: 15 ordu eta 40 minutuan. Azkar eta arin ibili dira aukeratutako zortzi bideetan. Mendebaldeko horman: “Rabada-Navarro” (2:22, 750 m) eta “Murciana” (2:13, 550 m). Iparraldekoan: “Pidal-Cainejo” (33 minutu, 500 m) eta “Panico terminal” (2:10, 500 m). Ekialdekoan: “Cepeda” (47 minutu, 550 m) eta “Espejismo de verano” (1:16, 500 m). Eta hegoaldekoan: “Victor” (30 minutu, 330 m) eta “Directa de los Martinez “ (33 minutu, 320 m).

Laburbilduta, horiek guztiak dira Guzmanek eta Gonzalezek sinatu berri duten aktibitatearen lerro nagusiak. Hurrengo lerrootan, berriz, protagonistok barneko bidaiaren eta bizi izan zuten eskarmentuaren berri emango digute.

URRIELLU, 4X2

«Lau aurpegiak egun bateko eskaladan egitea erronka handia bihurtu da sokada askorentzat. Helburu horren bila gero eta eskalatzaile gehiago ausartzen dira. Gure kasuan, espezialitate hori ondo ezagutzeaz gain, menderatzen dugu. Eskalada rally-etan lehiatu dugu, baina beti urrats bat gehiago egin eta geure mugak gainditzen saiatzen gara. Picu Urriellu-ko lau aurpegiak egun bateko eskaladan bitan igotzea zer zen irudikatzen genuen, baina helburu horri ekin arte ez dakizu egingarria den ala ez. Horregatik, erronka hori oso erakargarria egin zaigu».

«Bitxia bada ere, Urriellu-ko “4x2” proiektua geure buruetan iltzatuta zegoen, eta, azkenean, Alex izan zen norabide berezi hori hartzera bultzatu zuena. Berez, ez zen gure hasierako asmoa, baina B plana indarrean jarri eta erronka handi horren bila irten ginen».

«Bagenekien astindu handia hartuko genuela; izan ere, zortzi bide eta 4.000 metroko eskalada egun batean egitea ez da kontu arrunt bat. Logistikari dagokionez, lehenik eta behin “Directa de los Martinez” eskalatu eta soka estatiko bat finkatu genuen rappelak egiteko. Era horretan, jaitsiera guztiak antolatuta izango genituen. Zoritxarrez, sokaren neurriarekin nahastu ginen. Azken rappelaren erdian amaitzen zen, eta, hortaz, arreta handiarekin “Nani” bidearen 50 metro deseskalatzera behartuta egon ginen».

«Goizeko lauretan D eguna hasi zen. Zailtasunari begiratuta, gure asmoa horma gogorrenarekin hasi eta samurrenarekin amaitzea izan zen. Mendebaldeko aurpegiko “Rabada-Navarro”-n oso arin sartu ginen. Nahiz eta gauez eskalatzen ari ginen, gure erritmoa oso ona zen. Ezuste ederra hartu genuen gailurrean. Bide klasiko zein historiko hori gau itxian bi ordu eta 22 minutuan sinatu genuen. Ibilbidea oso ondo ezagutzen dugunez, ez zen oso zaila izan orientazio egokiena hartzea. Lehen igoera horrek baikor utzi gintuen, eta biok ala biok esan genuen aukera handia genuela proiektu guztia biribiltzeko».

«Jaitsiera ia korrika egin eta kopetako-argia kendu gabe “Murciana”-rekin hasi ginen. Bidearen erdira heltzeko, bi luze, eta handik amaiera arte beste bat egin genituen. Metro luze horiek egiteko, tresneria gutxi genuenez, arriskua ondo kudeatzea zen giltza. Une jakin batzuetan, 30 metro segururik jarri gabe ibili ginen. Koordinazioak eta elkarren arteko konfiantzak indar handia hartu zuten. Onartu behar dugu plazer hutsa izan zela estilo horretan jardutea; estasi moduko bat zen! Nahiz eta soka batera lotuta geunden, une jakin batzuetan bazirudien izaki bakar bat ginela. Eta izaki horrek erabaki inportante batzuk hartu behar zituen: ibilbidea kudeatu, inprobisatu, babestu ez genituen luzeetan jarrera irmoa izan…»

BI ORDU

«2 ordu eta 11 minutu. Denbora hori behar izan genuen tontorrean dagoen Ama Birjina berriro besarkatzeko. Apustu hau egin genuenean, zaila zen lortu dugun arrakasta irudikatzea. Aurreko bidean ez bezala, bigarren honen jaitsiera askoz ere lasaiagoa izan zen. Kronoari begiratuta, argi zegoen hurrengo hiru aurpegiak bitan igotzea posible zela».

«Mendebaldeko horma atzean utzi eta iparraldekora abiatu ginen. “Pidal-Cainejo” luze bakar batean eta 44 minutuan igo genuen. Marra horretan hainbat soka talde aurreratu genituen: denek izan zuten oso jarrera ona. Eskertzekoa da hori, izaera honetako proiektu batean arrakasta lortu nahi baduzu».

«Sasoiez ondo geunden, baina katu-oinek eragindako estutasunak biderkatu ziren. Egoera hori ikusita, esan behar dugu “Murciana”-ren erditik aurrera zapatilekin eskalatu genuela. “Panico terminal” izan zen iparraldeko horma igotzeko aukeratutako bigarren bidea. Onartu behar dugu abentura handia izan zela; aurreikusitakoa baino handiagoa».

«Hasierako metroak oso hautsita daude eta, oro har, zeure burua friend-ekin eta fisureroekin babestu behar duzu. Soilik bost friend generamatzan, eta horregatik, erritmoa mantsotu genuen. Bidearen bigarren zatia, berriz, murru handi eta tente bat da. Beran batzuk baditu, baina guztiak ala guztiak herdoilduta daude, eta bat bestearengandik oso urruti. Zorionez, sekzio horretan friend-ak jarri genituen. Bide honek 2 ordu eta 10 minutuko esfortzua eskatu zigun.

«Bero handia egin zigun. Izerdi franko bota eta ur asko edan genuen. Hirugarren jaitsiera horretan arreta handiz ibili ginen, batez ere deseskalatu behar genituen azken 50 metroekin. Akatsik gabeko jaitsiera izan behar zuen!»

«Proiektuaren hirugarren etapa zain genuen: ekialdeko horma. Trumoiak jotzen zuen bitartean, “Cepeda” 47 minutuan igo genuen. Giroa gaiztotzen hasi zen. Eskalatzen hasi aurretik, gainean genuen hodeiarekin beldurtu ginen. Bagenekien marra horren erditik ezin zela rappelatu; alabaina, jarraitzeko erabakia hartu genuen. Egoera onartzea zen aukera bakarra».

«Nahiz eta “Espejismo de verano” gure helburua zen, nahastu eta “Pajaro locon”-n sartu ginen. Atzera egin eta “gure” bidean eskalatzen hasi ginen. Hor ere, beran zahar batzuk zeuden. Lehen segurua 50 metrora jarri genuen. Ondoren, zailtasunak samurtu ziren. Une jakin horretan euria hasi zen. Gogor, gainera. Elkar ikusteko arazoak genituen eta pareta bustitzen hasi zen. Beste aukerarik ez genuenez, jarraitu egin genuen. Oso fina eta teknikoa izan zen, eta zapatilekin metro horiek igotzea ez zen batere erosoa izan».

«Amaiera aldean geunden; soilik hegoaldeko aurpegiaren azken bi bideak falta zitzaizkigun. Nahiz eta oso nekatuta geunden, marra bakoitza ordu erdian igo genuen. Ekaitza, dardarak, ikusmen lausoa, deshidratazioa, ahuleria… Dena batu zen. Haatik, elkar animatu eta arratsaldeko zortziak izateko 40 minutu falta zirenean, gure azken gailurra zapaldu genuen. 15 ordu eta 40 minutuko aktibitatea non-stop eran. Pozarren ginen; izan ere, erronka handi hau proposatzen eta egiten lehen sokada izan gara».