GARA Euskal Herriko egunkaria
PELOTA

Ezkurdia eta Mariezkurrena Masterseko finalerdietan izango dira aurten ere

Iazko txapeldunek aise irabazi diete Antzuolan Larrazabal eta Zabaletari, eta laugarren puntua bilduta finalerdietara zuzenean sailkatu dira. Datorren asteburuko play-offetan Peña-Rezusta/Larrazabal-Zabaleta eta Altuna-Imaz/Jaka-Martija jardungo dira.

Mariezkurrenak oso serio jokatu zuen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrena Caixabank Masterseko finalerdietara sailkatu dira zuzenean, atzo Antzuolan Larrazabal eta Zabaletari 22-11 irabazi ostean. Iazko txapeldunek irabazi beharra zeukaten, laugarren puntua bildu eta ligaxkako sailkapenean Peña-Rezusta bikoteari aurrea hartzeko, eta halaxe egin zuten. Zoritxarrez, neurketa oso kaskarra atera zen.

Ikusmina zegoen, batez ere gaur egungo bi atzelari onenen arteko lehia ikusteko, baina ikuskizunak ez zituen aurreikuspenak bete, ezta gutxiago ere. Urdinak oso galtzaile ibili ziren norgehiagokaren lehen erdi luzean, eta gorriek nahikoa izan zuten partida serioa jokatzea markagailuan ihes egiteko.

Adibide batzuk jartze aldera: lehen tanto aipagarria urdinen 4-4koan iritsi zen, Zabaletak bikain baztertutako pilotakada batean; bigarrena, 8-4koan, Ezkurdiak txokoan airez utzitako pilota batekin. Eta Larrazabalek jokoan egindako aurreneko tantoa 17-8koa izan zen, gantxo batekin.

Zazpi tantoko takada bati esker 17-6 aurreratu ziren markagailuan Ezkurdia eta Mariezkurrena, eta neurketa erabat apurtuta geratu zen. Dena galduta zegoenean iritsi ziren Iker Larrazabalen erremate onenak, ordura arte oso galtzaile ibili ondoren.

Hala ere, lehiaketa honek aukera asko ematen ditu akatsak zuzentzeko. Datorren asteburuan play-offa jokatuko da: Peña-Rezusta Larrazabal-Zabaletaren aurka eta Altuna-Imaz Jaka-Martijaren kontra. Lau horietatik bakarra geratuko da kanpoan.