GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFA

Janire Gonzalez Etxabarri garaile Galizian Europako QS txapelketan

Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarrak irabazi zuen Europako Qs itzuliko laugarren txapelketa eta rankingean bigarren postura igo da. Yago Dominguez algortarrak, ostera, hirugarren postua eskuratu zuen, Maxime Huscenot gailendu zen mutilen kategorian.

Janire Gonzalez Etxabarrik Pantingo txapela irabazi zuen eta rankingean bigarren postura igotzea lortu zuen. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Janire Gonzalez Etxabarri euskaldunak eta Maxime Huscenot frantsesak irabazi zuten Europako QS itzuliko laugarren txapelketa Galiziako Pantin hondartza famatuan. Olatuak apur bat narrasak izan arren, azken txapelketetan ez bezala, metro eta erdiko olatu trinkoak izan ziren, eta lehiakideak gogor aritu ziren olatuei ahalik eta etekin handiena ateratzen. Janirerekin batera, emaitza esanguratsua lortu zuen beste euskal ordezkaria Yago Dominguez algortarra izan zen, finalerdietara iritsi baitzen.

Abuztua Europako QS mailako txapelketen hilabetea izan zela genion joan den astean, baina iraila ere garrantzitsua izango da Challenger Series mailara igotzeko borrokan ari diren lehiakide europarrentzat. Guztira bost lehiaketak osatzen dute aurtengo Europako QS itzulia eta jada lau txapelketa egin dira; azkena, atzo bertan Galizian amaitu zena. Ondorioz, txapelketa bakarra falta da datorren denboraldian CS mailan izango diren surflari europarren izenak zeintzuk izango diren jakiteko.

Irailaren 6tik 10era bitartean Portugaleko Santa Cruzeko kostaldean egingo da aurtengo QS itzuli europarreko azken txapelketa eta erabakigarria izango da, zeren kontuan hartu behar baita lehiakide bakoitzak aurtengo denboraldian eskuratutako lau emaitza onenak hartzen direla kontuan hurrengo denboraldirako Challenger Series mailara nortzuk igoko diren erabakitzeko.

Europako itzulian rankingeko lehen lau neskak eta zazpi mutilak sailkatuko dira CS mailara (gehi wildcard bana kategoria bakoitzean); hortaz, postu horietako batean egotea da lehiakide guztien helburua. Une honetan Europako QS itzulia amaituko balitz, bi euskal surflari soilik sailkatuko lirateke CS mailarako: mutilen rankingean seigarren postuan den Kai Odriozola donostiarra eta nesken rankingean bigarren postuan den Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra.

Badira postu onean diren beste lehiakide batzuk ere, eta horientzat ezinbestekoa izango da Portugalen emaitza on bat lortzea CS mailara sailkatu ahal izateko. Adibidez, Nadia Erostarbe zarauztarra bosgarren postuan da, Maud Le Car eta Hina-Matia Conradi biarriztarrak zazpigarren eta zortzigarren postuan dira, eta Ariane Ochoa bilbotarra bederatzigarren postuan dago.

Mutilen kategorian, ostera, Bitor Garitaonandia debarra bederatzigarren postuan da eta Yago Dominguez algortarra hamargarren postura igo da Galizian hirugarren postua eskuratu ostean.

ORDEZKARITZA ZABALA METRO ETA ERDIKO OLATU NARRASAK IZAN ZIREN PANTIN HONDARTZAN ETA LEHIA ESTUA IZAN ZEN PARTE HARTU ZUTEN 128 MUTIL ETA 56 NESKEN ARTEAN. EUSKAL ORDEZKARITZA ZABALA IZAN ZEN GALIZIAN ETA, TXANDEK AURRERA EGIN AHALA EUSKAL LEHIAKIDEEN KOPURUAK BEHERA EGIN ARREN, OROKORREAN EMAITZA ONAK ESKURATU ZITUZTEN BIZKAI, GIPUZKOA ETA LAPURDIKO SURFLARIEK.

Yago Dominguez algortarra eta Bitor Garitaonandia debarra izan ziren mutilen kategorian ongien aritu zirenak, biak final-laurdenetara iritsi baitziren. Biak goofyak dira, alegia ezker surflariak, eta biak bikain aritu ziren, baina soilik Dominguezek lortu zuen finalerdietara iristea. Hala ere, Pantinen lortutako emaitzei esker, bi surflariek gora egin dute Europako QS rankingean. Gainera, Dominguezek 2.000 euroko saria ere irabazi zuen Pantinen hirugarren postua eskuratzeagatik.

Nesken mailan hiru euskal herritar izan ziren final-laurdenetan. Maude Le Car biarriztarra, Reunion uhartean jaio eta hazi arren egun Biarritzen bizi den Hina-Maria Conradi gaztea eta Janire Gonzalez Etxabarri zumaiarra. Aitzitik, Conradi eta Gonzalez Etxabarrik bakarrik lortu zuten finalerdietarako pasea eta, azkenean, zumaiarra soilik iritsi zen finalera.

Finalean Camilla Cemp alemana izan zuen aurkari Gonzalez Etxabarrik, baina ez zuen zailtasun handirik izan txapela eskuratzeko lehiakide gogorrenak bidean gainditu baitzituen. Final-laurdenetan, esaterako, egun oraindik rankingeko buru den Yolanda Hopkins portugaldarra garaitu behar izan zuen zumaiarrak.

Gauzak horrela, 3.000 puntuko QS txapelketa bat irabazi eta rankingean bigarren postura igotzea lortu du zumaiarrak, eta hori sekulakoa da, itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta baita eta, horren ostean lehen lau postuetako batean bada, hurrengo denboraldian Challenger Series itzulian lehiatzeko plaza eskuratuko baitu.

Artean, CT itzuliari amaiera emango dion Final Handia ere irailaren 8an hasiko da Kaliforniako Trestles urautsi mitikoan eta gehienez irailaren 16 arte luzatuko da. Soilik rankingeko lehen bost postuak eskuratu dituzten lehen bost neskak eta bost mutilak lehiatuko dira 2023ko WSL munduko titulua irabazteko.