GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Parisek neurria hartu dio aurrean duen erronkari


Berotze globalak duela urte asko utzi zion hipotesi izateari eta haren eragina dagoeneko munduko bazter eta urteko sasoi guztietan sumatzen dugu. Zer esanik ez udan. Inoiz neurtutako egunik beroenak izan ditugu aurten Europan eta Ipar Hemisferioko beste hainbat lekutan, itsasoaren tenperaturak zur eta lur utzi ditu zientzialariak, litekeena da 2023ak marka historikoak ezartzea, eta sute bortitzak, uholdeak eta muturreko fenomeno meteorologikoak egunerokoak bihurtu zaizkigu. Klima-krisia aurrez aurre daukagu, bere ondorioak oso agerikoak dira eta urtetik urtera areagotuko dira. Logikoa da, beraz, datorrenari erantzuteko neurriak hartzea. Horretan dabil, adibidez, Paris.

Estatu frantseseko hiriburuak egiturazko aldaketak ekarriko dituen plan urbanistiko berria onartu berri du, etorkizunean bertan izango duten aroari egokitzeko. Gaur egungo Sevillaren antza izango omen du Sena ibaiak gurutzatzen duen hiriak, eta hori asko esatea da. Paris ez dago inola ere prestatuta halakorik jasateko, eta uda honetako -eta azken urteotako- bero boladek ataka zailean jarri dituzte paristarrak eta bisitariak. Horretaz jakitun, udal agintariek porlana eta asfaltoa gutxitu eta zuhaiztiak eta landaredia zabalduko dituen egitasmoa martxan jarri dute, autoen ordez bizikletak hobetsiko dituena eta izaera arkitektonikoari berari eragingo diona.

Noski, paperean idatzitakoa gauzatu egin behar da gero, eta hori ez da beti lan erraza izaten. Ikusteko dago, gainera, neurri hauek nahikoak izango ote diren. Baina argi dago norabide onean hartutako erabakiak direla, zientzialariek, adituek eta sen onak ezartzen duten bidetik doazela. Eta hori horrela izanda, are nekezago ulertzen da Euskal Herriko hainbat hiri eta herritan ikusten dena. Bilboko Udalak Deustuko zumardian egin duen sarraskia eta Iruñekoak Gurutze Plazan burutu nahi izan duena indarrean dagoen eredu baten adibideak dira; alegia, zuhaitzak bota eta dena porlanaz betetzean oinarritzen dena. Udal agintariek pentsatu beharko lukete Paris Sevilla “bihurtzen” denean zer izango diren euskal hiriak, eta ea eredu horrek mesede edo kalte egingo dien. Eta beraiek hausnartzen ez badute, hiri horietan bizi direnek ziur baietz.