GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Sara iriarte
Kattalin eta Nenufarrak taldeko abeslaria eta piano-jotzailea

«Sakontasun maila batzuetan zarata asko dago eta blokeora iristen zara»

Giro mistiko samarra sortzen du Kattalin eta Nenufarrak taldearen izenak. Batetik, nenufarrak oso landare bereziak direlako, baina baita taldean Kattalinik ez dagoelako ere. Jon Sagarna, Iñaki Rezusta eta Sara Iriarte dira taldekideak, eta azken hau, berastegiarra bera, diskoaren jatorriaz eta sakoneko mezuaz aritu zaigu.

(Gotzon ARANBURU | FOKU)

Egun on, Sara. Nenufarrik ba al da Euskal Herrian?

Ez dut uste. Ikusi behintzat ez dut egin. Irakurri nuen liburu batetik hartua da hitza.

Zergatik aukeratu duzue, hortaz?

Duela urte eta erdi grabatu genuen lan hau eta orain arte ez da publikatu ez geneukalako talde izenik. Hortaz, bi hitz botatzen ibili gara egunero Whatsapp taldean. Egun batez ‘‘Kattalin’’ bota nuen, hasiera batean nire izena izango zena hura zelako, eta, bestetik, poema batean irakurritako ‘‘nenufarra’’ hitza. Biak batera jarri nituenez, Jon Sagarnak uste izan zuen izen hori proposatzen ari nintzela, eta, gustatu zitzaionez, aurrera.

Unibertsitate giroan sortutako taldea da.

Bai, Jon Sagarna bertan ezagutu nuen. Esan nion banituela abesti batzuk eta horiek ateratzera animatu ninduen. 2019a zen, eta abestiak erakutsi nizkionean gogoko izan zituenez, lantzen hasi ginen. Bi urte geroago grabatu genuen diskoa.

Non batzen zarete? Hau diot ikasketen bidea bukatzear zaudetelako.

Bada Iñaki Rezusta Jonen kuadrillakoa da eta haiek Gabirian badute lokala. Terra Incognita eta Guri Bost taldeetan ibiltzen ziren. Beraiek oso ondo moldatzen dira eta nik bertara joan eta jo, besterik ez dut egiten, teknikoki ez naizelako oso iaioa, egiari zor.

«Hubble» kantuarekin hasten da diskoa. Barruko beldurrak kanporatzeko abestia da?

Amona hil zenean idatzitako abestia da. Hamazazpi abesti edo idatzi nituen amona hil zen garaian, nahikoa konpultsiboki. Doluak ekartzen dizkizun hainbat kontu prozesu moduan aurkeztu ditut. Hau hitzaurre moduko bat da.

Baina «Hubble», kasu honetan, teleskopio izan ordez mikroskopio edo endoskopio bihurtzen da.

Dutxan nintzen batean, pentsatu nuen nire sakoneko puntu batzuetara iritsi naizela amonaren heriotzaren ondorioz. Hemezortzi urtetan pilatutako guztia azaleratzea ekarri du. Pentsatu nuen: ni unibertsoa banintz, nola topatuko nuke nire punturik sakonena? Hortik dator Hubble teleskopioaren metafora.

Ibai Osinagarekin grabatu duzue diskoa, Sima estudioan. Bera izan da nahasketak-eta egin dituena?

Bera izan da dena egin duena, eta gu erabat ados egon gara proposatu digunarekin. Niri oraindik arraroa egiten zait zu zeu ere nire abestiak entzuten egotea... Nire gelan jotzen nituen abestiak orain instrumentuekin eta Ibaik grabatuta egotea ez sinistekoa da.

Nola sortu zen harremana?

Ibaik Instagramen jarri zuen grabaketa estudio berria martxan jartzen ari zela eta probatu egin nahi zuela, eta, kostata bada ere, nire abestiak bidali nizkion. Gustatu egin zitzaizkion, eta aurrera.

Lokalean ordu asko pasatu ostean dator erabakia?

Hasieran Jon eta biok soilik elkartzen ginen eta gero batu zen Iñaki. Nik ahotsa, gitarra eta pianoarekin maketa moduko zerbait egitea nuen buruan, baina Jonek esan zidan disko forma eman behar geniola, ondo egin behar genuela. Natural etorri da dena, ez dira ordu asko sartu ditugunak. Baxua Iñakik berak jo du, esaterako.

Zuk aipatu duzu zerbait soila egin nahi zenuela: gitarra, ahotsa eta kito. Bada, gisa horretara etorri da «Amak urritu zizkidaten». Zergatik hain gordin egite hori?

Jon Sagarna da horren errudun. Lehen aldiz pianoarekin entzun zuenean tango bat zuen buruan. Probatu genituen hainbat gauza, baina ez zuen konbentzitzen. Hortaz, Silvia Perez Cruzen abesti bat etorri zitzaion burura gisa honetara zegoena, eta horrela egin genuen. Oso-oso gordina geratu da, baina zentzua du horrela izateak.

Nolakoa izan da zure burua gisa honetara grabatuta entzutea?

Arraroa... baina gustatu zait. 2017an hasi nintzen pianoa ikasten eta nik sortutako hori abestu nahi nuen, nik neuk jota eta ez karaoke edo base bat erabilita. Orain, ordea, nik sortutakoak pianoa baino gehiago duela ikusita, arraroa egin zait. Zalantzak izan ditut, besteek zer pentsatuko duten eta abar; bertigo modukoa sentitu dut, baina pozik nago.

Konplexu gutxi izan duzu, ordea, ez baita ohikoa lehen lanean halako abesti bat, ahotsa hain gordin agertuz. Ausarta da.

Ez? Egia da taldekideek asko lagundu didatela pauso horiek ematerakoan. Ahotsean ez dut konplexurik izan inoiz, baina kantuen hitzen inguruan bai. Jendeak gauza asko galdetzen ditu eta niri ez zait gehiegi gustatzen dena azaltzea. Bai abestiaren istorioa kontatzea, noski, baina ez hitzez hitz zer esan nahi dudan, oso intimoa delako hori. Eta horrek beldurra sortzen dit.

Oso poetikoa da zure idazteko modua.

Nik asko irakurtzen dut eta gustuko ditudan esaldi guztiak apuntatu eta koadernoetan gordetzen ditut. Akaso Anari izan daiteke erreferentzia bat disko honetan, baina azkenaldian sortzen nabilen abestietan Ibil Bediko Amets Arangurenen idazteko moduan ere ari naiz fijatzen eta bada erreferentzia. Baina Ametsi berea Anari dela irakurri nion noizbait; hortaz, dena lotuta geratzen da nolabait ere.

Hammondak kolore berezia ematen dio «Hiperakusia» kantuari. Hiperakusia pairatu duzu edota metaforikoa da kantua?

Amonaren heriotzak ekarritako prozesu horretan, sakontasun batera iristeko geruza asko pasa nituen eta bide horretan zarata asko dago. Gauetan ezin lorik egin, buruak ezin atseden hartu... zarata asko zegoen hor. Bakarrik egoteko beharra duzu, baina zaila da. Asko idatzi nuen. Koaderno bat betetzeko beste bai.

Ahotsaren trataeran oihartzun handia erabili duzue eta planoetan atzerago dago. Zer da, soinuaren metafora horrekin lotura duen zerbait?

Bada ez, ez naiz horretaz jabetu. Soinu aldetik diskoko abesti potenteena da eta askok esan didate ez zaidala hain ongi ulertzen, baina horrela gustatzen zait. TOC taldeak ere hori egiten du, adibidez, eta abesti honek hori behar zuen. Ibai Osinagarena izan da erabakia; ondo identifikatu du behar hori.

Ibaik letretan erreparatuko zuen, akaso.

Hala beharko du, nik ez baitut azalpen askorik eman abestien inguruan.

«Yugen» izan zen singlea, baina zer da ‘yugen’?

Oso zaila da azaltzeko. Japoniako kulturan erabiltzen den terminoa da, baina ez du itzulpen zehatzik. Ezezaguna denari edota ilunari egiten dio erreferentzia, erantzun emozional sakonegiak hitzetan jartzea kostatzen denari egiten dio erreferentzia, Hubble eta unibertsoarekin badu lotura.

«Nola zainduko dut oraindik ez naizen hori», hori bada ‘yugen’ egoera bat?

Barrura begiratzean, sakontasun maila batzuetan zarata asko dago eta blokeo egoeretara iristen zara. Hortik nola irten pentsatu behar izaten da eta ez da erraza. Maila horiek pasatzen zoazen heinean sentitzen duzu ez zarela zure burua zaintzen ari, baina ez; batzuetan zaintzea prozesu batetik pasatzea da, gaizki egotea ere bada, dena ez da ongi egotea. Izango zaren hori ondo egon dadin, orain gaizki pasatzea egokitzen zaizu batzuetan.

Hamazazpi kantutatik bost kaleratu dituzu. Zergatik?

Ustekabean berrienak diren bost kantuak aukeratu ditut; sakonagoak dira. Ordena batean jarrita bost hauek zentzu bat zutela ohartu nintzen eta, nolabait, amonaren heriotzarekin abiatu zen ziklo hori ixten zutela. ‘‘Hubble’’ izan zen sortutako azkena; hor jabetu nintzen zikloa itxi egiten zela.

Abesteko modua ere oso berezia duzu.

Interpretatzeko joera dut, sentimendutik abestekoa. Lagun batek esan zidan behin hotzikarak sentiarazten nizkiola. Ama ere maiz harrituta geratuko zen niri begira, zertan ari ote nintzen pentsatuz.

Sortu, ordea, nola sortzen duzu?

Pianotik; elektronikarekin ezin dut. Nire sormen prozesua moztuko lukeela uste dut, gailuarekin haserretuko nintzatekeelako ziurrenik.

«Larrua» kantuko baxua elektronikoa da, hala ere.

Teklatuarekin dago egina. Baxu-jotzaile batekin hasi ginen, baina desastreak gara. Nahiko nuke kontzertuak eman eta jakin hau nola interpretatuko nukeen jendearen aurrean, hori da nire ametsa. Baina momentuz ikusi behar dugu ea hau kalean gustukoa den edo ez, ze akaso ez du funtzionatuko.

Edizio fisikoa ere horren baitan joango da?

Ez dugu gauza horietan batere pentsatu. Nik amonari ezin dizkiot halako abesti gehiago egin eta disko hau bere horretan geratuko da. Sortu dut beste zerbait, baina oraintxe nire sormen jarioa pixka bat agortu egin dela sentitzen dut eta etapa bat itxi behar dudala hurrengoa abiatzeko.