Amaia U. LASAGABASTER
EUSKAL HERRIA KOPA

Gol asko baina txapel bakarra Athleticentzat

Euskal Herria Kopako 13. edizioa eskuratu dute zuri-gorriek, Reala final oso estuan gaindituz. Gipuzkoarrei palmaresean erreleboa hartuz, bederatzigarren aldiz irabazi du Athleticek.

Jokalari zuri-gorriak, poz-pozik Kopa bereganatu ondoren.
Jokalari zuri-gorriak, poz-pozik Kopa bereganatu ondoren. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Athleticek Euskal Herria Kopa eskuratu du bederatzigarren aldiz, Reala finalean gaindituta eta zuri-urdinei erreleboa hartuz palmaresean.

Partida polita jokatu zuten talde biek, nahiz eta une batzuetan nabaritu zen denboraldi hasieran gaudela eta alde bietan ziur asko titularrak izango diren futbolariak falta zirela. Golak, behintzat, ez ziren falta izan. Ez eta lehiakortasunik ere, jokalariek txapelketari ematen dioten garrantzia erakutsiz. Oraindik uda den legez, nekea ere agertu zen partidaren azken txanpan. Baina gasolina egon zen bitartean, batez ere lehen erdian, borroka ederra ikusi zen.

Realak baloia bereganatu nahi izan zuen hasieratik, baina Nanclares taldekide ohiaren areara garbitasunez gerturatzea kostatu zitzaion. Bizkaitarrak, berriz, erosoago sentitu eta eraginkorragoak izan ziren. Futbol zuzenagoaren aldeko apustua egin eta arriskua sortu zuten, batez ere hegaletatik sartuta.

Laster heldu ziren golak. Marianak abisua eman zuen, Sanadriren pasea hartu eta jaurtiketa gurutzatua zutoinera bidaliz. Eta hurrengo minutuan protagonista berberak izan zituen 0-1eko jokaldiak. Gipuzkoarrak baloia berreskuratu eta bere asistentzia aprobetxatuz, Marianak berdinketa hautsi zuen jaurtiketa bortitz batekin. Sei minutu beranduago, Nevadok baloia hutsunera bidali, Aranak erdiratu eta Azkonak buruz errematatu zuen bigarren gola sartzeko.

Gerra-deklarazioa benetakoa zela ohartu zen Reala eta aurrerapausoa eman zuen berehala. Zelaiaren beste aldean gertatu zen bezala, abisua egurrean jo zuen baloi batekin etorri zen, Iris Arnaizek jaurtita. Handik hiru minutura, Eizagirrek Apariren pase sakona hartu, arean kontrolatu hiru aurkariren mehatxua gaindituz eta ondo zuzendutako erremate gogor batekin sartu zuen bere taldearen lehen gola.

Realaren txanda omen zen eta Natalia Arroyoren jokalariek aukera aprobetxatu zuten bigarren gola sartzeko. Jensen erdilariak baino azkarrago ibili zen Apariren baloi luzea hartzeko eta, Nanclaresen irteera txarra aprobetxatuz, parabolaz atera bidaltzeko. Markagailua berdinduta.

Bazirudien partida bigarren zatian erabakiko zela, baina Athleticek bala bat zeukan gordeta eta luzapeneko azken jokaldian aurkaria baino biziago ibili zen Nevadok areara bidalitako baloian eta Aranak 2-3koa sartu zuen.

Hobe zelairatu zen Reala bigarren zatian. Baloi jabetza bereganatu zuen berriro eta oraingoan Athleticen arearen inguruan egotea lortu zuen. Kostatu zitzaion, hala ere, arrisku jokaldi garbiak sortzea. Aldaketak eskertu zituen nekea nabaritzen hasi zenean, baina langak Nora Sarriegiren jaurtiketa bortitza urrundu zuen, eta Quiñonesek, Lorena Navarrorena. Eta talde gipuzkoarra ondoen ari zela, bizkaitarren laugarren gola heldu zen, Azkonak Leteren akats nabarmena aprobetxatuta.