Surflari ERNEGATUA

Traba egiteko jaioak

Bista ona omen daukat giza espezieak antzemateko, hori diote nire lagunek, lehen begiradan asmatzen omen dut oraindik ezezaguna den norbaiten izaera. Sekretua bizian zehar osatu dudan profilen erregistroa da. Batzuetan tronpatzen naiz eta, hain zuzen ere, lehen begiradan asmatzen ez ditudan pertsonen izaerak dira interesgarrienak. Badira inoiz tronpatzen ez naizen profilak ere, hippyak edo peneubekoak, baina horiek ez dira interesgarriak. Egunerokoan irrigarriak ez izan arren haietaz hitz egiteak barregura sortzen dutenak ere badira, beti traban dauden pertsonaia xelebreak kasu.

Ez dute nahita egiten, hori da okerrena, ezin zaiela fede txarra egotzi, baina beti hanka sartzen dute (badakit erderakada dela, baina oraindik ez dugu euskaraz ordezko espresio erakargarririk eratu). Gainera, borondate onarekin egiten dute, eta noski, borondate onarekin egiten dena gaizki ateratzen da. Horregatik, desastreak izan arren, «ongi ikusiak» izaten dira herrian edo lagun artean, jendeak aprezioa die.

Ezin dut disimulatu eragiten didaten izua eta, noski, konturatu egiten dira, eta orduan, giroa hobetzeko saiakeran gauzak gehiago okertzen dituzte. Poteoan bere ardoak zure alkondaran amaituko du, bazkaltzen bere babarrunek zure galtzak apainduko dituzte, kalean gurutzatzen baduzu baldosa hautsi bat zapaldu eta lohi beltzarekin zipriztinduko zaitu, hondartzan bere txakurrak txiza egingo dizu, eta itsasoan? Beti parean izango duzu.

Sarri gertatzen zait itsasora bidean aurrean norbait ikusi eta saio osoan zehar erdian izango dudala igartzea. Beti asmatzen dut; sinesten ez didanak nire lagunei galde diezaieke. Ezagutu gabe ere itsasoratu aitzin badakit pertsona hori une erabakigarrietan parean izango dudala. Olatua hartzeko orduan, olatuaren gainean noanean, apar baten aitzinean azpiratzea egin behar dudanean edo olatuen zain gaudenean, parean egongo da. Horretarako etorri da mundu honetara, traba egiteko.

Orduan galdera da, halako norbait antzematen dugunean zer egin behar da? Ezin da ezer egin, ezin dira ekidin, edozer egiten duzula ere parean izango duzu. Urautsiz aldatzen baduzu edo beste une batean itsasoratzea erabakitzen baduzu ere, alferrik zabiltza, gutxien espero duzun unean parean jarriko zaizu, ezerezetik agertuko da; sekulako gaitasuna dute horretarako, finean horretarako bakarrik balio baitute, traba egiteko. Egia ote da edonork balio duela zerbaitetarako?