GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Sakonekoa


Pantailek gaur besteko tokirik ez zutenean, jolas berriak asmatu eta haietan aritzeko garaia zen, bai behintzat, ondoan anai-arrebarik izan ez dugunontzat. Bata gurasoen edo aitona-amonen herrira, bestea oporlekura... norberaren txanda iritsi arte baziren bete beharreko ordu asko, gehiago eguna argitzearekin batera ohetik altxatzen ginenentzat. Akorduan daukat sasoi hartan orduak ematen nituela lainoei begira, haiek marrazten zituzten edota besterik gabe ikusi nahi nizkien formak atzematen. Aurpegiak, untxiak, begiak… batzuetan forma konplexuago eta bihurriagoak.

Kontua da behin forma hori atzemandakoan, ez nintzela besterik ikusteko gai, ezta lainoa ere, harik eta haizeak bereizitako irudi hori desitxuratzen zuen arte. Horixe bera gertatzen da hauspoa hartu eta albiste bilakatzen diren gertaera zenbaitekin. Osotasunetik zati bat soilik eta bateko edo besteko forma emanda iristen zaigu eta, itsutuz gero, gertaera bera testuinguruan jarri eta hausnarketa propioago bat egiteko aukera galtzen dugu. Udako azken asteetan musu baten bueltan eztabaida piztu da eta katramilatu gara hura onartua izan zen edo ez, hura gogoz kontra jaso zuen pertsonak zein jarrera edo jokabide erakutsi behar ote duen, gainerakoei zer esatea dagokien eta zer ez… Hizketaldi asko azalean geratu dira eta azalera irten dira, berriz, ezkutuan zeuden eta futbolaren aitzakian libreago sentitu diren iritzi eta jarrera matxista asko. Tabernan eta lagunarteak eskaintzen duen konplizitateak babestuta entzun diot pertsona bati astakeria matxista botatzen, altu eta harro, berdintasunaren aldekoak baino gertatutakoaren inguruko iritziak eraso gisa hartuak dituelako; urte luzez neska-mutilen kirol entrenatzailea izan da bera, atera kontuak.

Zorionez, Rubiales auzia deitu den honetan badira lainoari ez ezik haren inguruari begiratzen asmatu dutenak, musuaren atzean botere harremanean eta halakoak ahalbidetzen dituen sisteman erreparatu dutenak. Ez da musu bat, ez da futbola soilik, gizartean sustraitua dagoen patriarkatua da.