M. U.
SENPERE

4.200 ikasle arituko dira ikasturte honetan Seaskako sarea osatzen duten 39 ikastoletan

Peio Jorajuria eta Mixel Bidegain, atzo, Senperen.
Peio Jorajuria eta Mixel Bidegain, atzo, Senperen. (Guilaume FAUVEAU)

Orotara 4.177 ikaslek hasi zuten ikasturtea astelehenean Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko ikastoletan. Iaz baino hamaika gehiago dira.

Horiez gain, ondoko egun eta asteetan bi urteko haurrek ere eskolarako bidea hartuko dute, lehen aldiz. Ondorioz, Seaskako arduradunek aurreikusten dute 2023-2024 ikasturtean 4.200 ikasleen langa gaindituko dela Ipar Euskal Herriko ikastoletan.

Kattalin Elizalderen, hots, duela lau mende sorgin ehizatik ihesi Hego Euskal Herrira jo zuen emakumearen, izena hartu du Senperen Seaskak ireki berri duen kolegioak.

Han egin zuten, hain zuzen, atzo, eskola sartzearen xehetasunak emateko agerraldia Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta ikastetxe berriko lehendakari Mixel Bidegainek.

Senpereko aintziratik hurbil, Zuraiderako bidean den ikastetxean lanak guztiz amaitu ez badira ere, bosgarren eta seigarren mailako 82 ikaslek hasiera eman zioten irailaren 4an kurtso berriari, eta, ikastoletako ordezkariek nabarmendu zutenez, ondoko urteetan 150 ikasletik goiti bilduko dira Seaskaren bosgarren kolegio horretan.

BIGARREN HEZKUNTZA

Ipar Euskal Herriko ikastolen sarean txertatuko den 39. ikastetxea eta Euskal Herri mailan zabalduriko 114.a izanen da Senpereko kolegioa.

Bertan Arrangoitze, Basusarri, Ahetze, Azkaine, Senpere, Sara, Zuraide, Ainhoa, Urdazubi eta Zugarramurdiko 11-12 eta 14-15 urte arteko haurrak hartuko dituzte.

Peio Jorajuriak azaldu zuen, Echart enpresaren lanez gain, gurasoen engaiamendua ezinbestekoa izan dela duela lau mende injustuki kondenatua izan zen emaztearen izena betikotuko duen kolegioa garaiz irekitzeko.

Kolegio berriari esker, Seaskak Lapurdi barnealdera zabalduko du bigarren hezkuntzako eskaintza, eta, era berean, Ziburu-Urruñan dagoen Piarres Larzabal kolegioan azken urteetan sumatu duten saturazioaren arazoari irtenbidea emanen dio. Bertatik heldu da, Senpereko kolegioaren beste hainbat ordezkari bezala, atzoko agerraldian presente izan zen Iñaki Lekuona, ikastetxe berriaren zuzendaria.