Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

BI ONTZI, ONENAK DIRELA ERAKUSTERA, ETA BESTE HIRURAK, ALDABA JOTZERA

Urdaibaik irabazi du lehen jardunaldiko estropada, erreferentziarik gabe, gainera. Zabala Bermeoko prestatzaileak esan du emandako irudia ez zela «ona» izan. Orbañanos Hondarribiko entrenatzailearekin, Diaz Donostiarrako patroiarekin, Iriondo Orioko arraunlariarekin, eta Antepara Zierbenakoarekin ere mintzatu da GARA.

Urdaibaiko trainerua Santa Klarako uhartearen parean, Kontxako lehen jardunaldiko bueltako luzean.
Urdaibaiko trainerua Santa Klarako uhartearen parean, Kontxako lehen jardunaldiko bueltako luzean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urdaibaik, beste behin, aho bete hortz utzi zuen bat baino gehiago Kontxako Banderako bigarren jardunaldian: ziabogan 11 segundoko galera zuen lehen txandako ontziekiko, eta bueltako luzean, denbora hori irauli, eta markarik onena ezarri zuen; Hondarribia 1.25 segundora utzita, Donostiarra 4.19ra, Orio 4.97ra eta Zierbena 7.75era. Iker Zabala (Bermeo, 1979) Urdaibaiko entrenatzaileak hori nola egin zuten azaldu du: «Lehen txandan, kanporantz, aldeko haizea nahiko fuerte ibili zen, eta horregatik, hamabi segundoko atzerapena izan genuen. Gero, barrurantz, guk eurek baino baldintza hobeak izan genituen, eta horregatik gainditu genituen». Pasa den igandeko helburua «bizirik ateratzea» zela nabarmendu du Bermeoko prestatzaileak. Eta, bizirik atera ez ezik, irabazi egin zuten estropada; beraz, helburua aise bete zuten. «Kontuan izanda bigarren txandan gu bakarrik joan ginela, erreferentziarik gabe, helburua oso ondo bete genuen. Baina hankak lurrean ditugu, oraindik jardunaldi bat falta da. Irrikaz gaude Donostiara joateko eta estropada egiteko».

Bigarren txandako ontziak lehen txandakoen erreferentziarik gabe aritu ziren, eta hori irmoki salatu zuen Zabalak, ETBko kameren aurrean. Adierazpen horiek beroan egin zituela adierazi zuen, eta orain, hotzean, «apur bat lasaiago» dago. Hala ere, prestatzaileak uste du Urdaibai «kaltetua» izan zela. «Akats bat egon da, eta akats hori nahita edo nahigabe egin arren, uste dut Urdaibai kaltetua izan dela. Estropada osoan aritu gara gure aurkariei ondo eutsiz, baina aurreko txandako erreferentziarik gabe. Zer gertatzen da? Donostiako antolatzaileek gogoan hartuko dute, azkenean, eurak ere kaltetuak izango direlako. Irudia ez da ona izan. Arraunlariek eta arraun munduko jendeak inportantzia handia ematen diogu estropadari, eta ikusten dugu hutsuneak daudela. Denon artean umiltasunez, ea gai garen hutsune horiek berriz ez gertatzeko», esan du Zabalak. Aldi berean, Bermeoko prestatzaileak adierazi du beroan egindako kexak, hotzean, ez direla «horrenbestekoak», baina ohartarazpen bat egin du: «Kirolariek ematen duten maila ikusita, kanpoan ere merezi dute halako maila izatea».

ABANIKO ZABALA

Kontxako bigarren jardunaldiari begira, Zabalak esan du estropada «oso gogorra» izango dela, eta Urdaibai kondizio «onetan» iritsiko dela: «Moralez topera; abantaila, txikia bada ere, gure aldekoa da». Haiek dira faborito nagusiak, Hondarribiarekin batera. Beste hirurak aldaba jotzen saiatuko dira. Zortzi segundoko aldean bost traineru egoteak banderarako lehia asko estutzen du; are gehiago, jakinda “Galipoek” lehen txandatik egingo dutela arraun, eta txanda batetik besterako baldintza aldaketak erabakigarriak izan daitezkeela. Mikel Orbañanos (Orio, 1973) Hondarribiko entrenatzaileak nabarmendu du detaile txikiak kontuan hartzekoak izango direla, eta Zierbenak, lehen txandan arituko denez, «bai onerako bai txarrerako, abantaila txiki bat» izan dezakeela. «Eta, seguru, baldintza berdinetan ez direla joango». Hondarribiko prestatzaileak Urdaibai ikusten du faborito, baina ligan aurreko postuak tartekatzen joan direnez, «edonork irabaz» dezakeela dio.

Orbañanosek esan du «antsietaterik eta presarik gabe, eta ahalik txukunen» egitera joango direla, «dominatu ezin» dituzten gauzak «alde batera utzita»: «Kontrolatu ezin daitezkeen gauzekin burua haustea alferrik da. Horrek ez dizu uzten zure errendimendurik onena ematen». Jon Iriondo (Ondarroa, 1976) Orioko arraunlariak adierazi du ez direla ari banderan pentsatzen: «Gure arraunketa hartu eta txanda irabaztera joango gara. Etekinik handiena atera nahi diogu taldeari. Estropadak jarriko gaitu gure lekuan». Orioko herriaren ilusioa mantentzeaz ere mintzatu da Iriondo, eta aitortu du horrek asko laguntzen duela entrenamenduetan. Are gehiago, «zer udara» egin duten ikusita: «Guretzat bigarren txandan egotea mentalki gogorra izan da».

Urdax Antepara (Bilbo, 1996) Zierbenako arraunlariak adierazi du Zierbena bere txanda «ahalik estuen» borrokatzera joango dela, eta Bermeok aurreko igandean egin zuen estropada egiten saiatuko dela. Aldi berean, Arkaitz Diaz (Donostia, 1983) Donostiarrako lemazainak nabarmendu du haien esku dagoen guztia «ahalik hoberen betetzen eta estropadaren arlo guztiak ondo garatzen» saiatuko direla.