GARA Euskal Herriko egunkaria

Keinuen alardea izan dadila adiskidetzeko bidea

Txaloka hartu zuten inoiz baino Jaizkibel handiago bat. Oraindik lan egin beharko da Hondarribian alarde publiko, parekide eta bakarra lortzeko, baina pauso esanguratsu batzuk eman zituzten. Alkate berriak lehenengoz agurtu zituen orain 26 urtetik borrokan ari direnak. Lurra mugitzen sumatzen da. Konponbiderako oinarria izanen al da?


Mila lagunek osatu zuten atzo Jaizkibel konpainia. Lehen aldiz Gernikako Arbolatik atera ziren; oraingoz Hondarribian egiten den alarde bakarra, pribatua eta diskriminatzailea, ordubete geroago abiatu zen toki beretik, alegia. Txalo artean egin zen desfile parekidea. Halere, emakumeen eskubideak errespetatuak izan daitezen bidea falta da.

Kale Nagusian sartzeko arkua igarota, tenperaturak hainbat gradu egin ohi du gora, eta aurten ez da gutxiago izan. Animo oihuak, aupa eta bibak, baita, oraindik ere, bizkarra emanda paratutako herrikide batzuk ere. Kazetari andana, kamera pila bat eta ertzainak, helikoptero eta guzti.

Udaletxeko arkupeetan, Jaizkibel konpainiari harrera egin dioten hautetsien artean, Gipuzkoako ahaldun nagusi jeltzalea, Eider Mendoza; EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpurua; talde honetako parlamentari Maddalen Iriarte; Elkarrekin Gipuzkoa taldeko batzarkide Miren Echeveste; Elkarrekin Podemoseko parlamentari Miren Gorrotxategi; Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Manu Lezertua Arartekoa izan ziren. Oilo-ipurdia jartzen duten une horietako bat izan zen, emozioz kargatua.

Elizako eskaileretan, Igor Enparan Abotsanitzeko alkate berriak aurrenekoz egin zion harrera Jaizkibeli, eta garrantzitsua izan zen hori konpainia parekidearentzat. Gatazka piztu zenetik, EAJk gobernatu du herrian, eta ez du bat egin desfile berdinzalearekin. Halere, bai alkateak bai Mendozak alarde baztertzaileari ere egin zioten oles. Arartekoak, berriz, soilik Jaizkibel agurtu zuela argitu zuen, aurreko egunetan kontrakoa agertu baitzen hedabide batzuetan.

Behin Kale Nagusitik aterata, nerbioak apaldu eta lasaiago segitu zuten aitzinera, Hondarribiko paraje ederretan barna, eguna ernatzen sentituz, eguzkiak gero eta indartsuago jotzen zuela. Arma Plaza bete zuen aurten konpainia parekideak.

San Nikolas zubian, pankarta eskegi zuten Jaizkibel azpitik pasatu zen momentuan, Sainduarako bidean. «Hau ez al da guztiona?», galdera plazaratu zuten. «Eutsi, Jaizkibel».

«PAUSOAK IZAN DIRA, BORROKAK SEGITZEN DU»

Desfilea amaitu ondoren, Nora Ferreira Jaizkibeleko kapitaina eta Ane Garcia kidea «oso pozik» agertu ziren. Gernikako Arbolatik abiatzearen garrantzia azpimarratu zuten. Beste konpainiatako kide askok txalotu dituztela ere azaldu zuten. «Hori oso positiboa da».

Horrekin batera, lehen aldiz Hondarribiko alkateak harrera egin ziela baloratu zuten. Dena den, alarde baztertzailea ere agurtzea «ez dela hautu neutro bat» salatu zuten. «Segregazioaren aldeko jarrerak eta gure herrian banaketa eta bazterkeria bultzatzen duen talde bati harrera egitea da».

«Aurrerapausoak eman dira, baina gure borrokarekin jarraituko dugu, emakumeen eskubideen alde», aldarrikatu zuten.

EMAKUNDE: «AGERTOKI BAT IREKITZEN ARI DA»

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak gatazka desblokeatzeko egiten ari diren keinuei eman zien balioa, besteak beste, «lehen aldiz Udalbatzak Jaizkibel hartzeari». Elgarrestaren ustez, «agertoki berri bat irekitzen ari da», eta espero du «keinu berritzaile hori Hondarribiko jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzea bermatzeko urratsak egiten jarraitzeko motor bihurtzea».

Maddalen Iriarte EH Bilduren parlamentariaren arabera, «akatsa da», ahaldun nagusiak egin duen bezala, alarde baztertzailea eta parekidea maila berean kokatzea. «Berdintasunaren kontrako jarrera baten konplize bihurtzen ditu».

Garoa Lekuona koalizio abertzaleko Hondarribiko zinegotzia baikor mintzatu zen: «Konponbiderako oinarriak jarri dira». Keinuen urte honetan, gustukoak ez direnak ere izan dira. «Uste genuen Eider Mendozak egindako ahalegin honetan, Hondarribiko EAJk beste modu batera jokatuko zuela, baina ez da hala izan eta argazkian falta zen. Horrek adierazten du zergatik daramagun 26 urte arazo honekin, inork ez diolako erantzukizun politikorik eskatu orain arte Hondarribiko EAJri». Jaiak bukatutakoan elkarrizketa mahai bat martxan jar dadila desio du, konponbiderako. «Udalean gehiengoa gara, Abotsanitzeko zazpi zinegotziak eta EH Bilduko biak, alarde publiko, parekide eta bakarraren aldarriari eusten diogunak».

Garrantzia eman zion aurten udal mailan talde politiko guztiek lortu duten adierazpenari, elkarrizketari helburu bat jarri diotelako: «Elkarrizketa horrek legealdi honetan bideratu dezala hondarribiarrok irailaren 8 zoriontsu eta adiskidetu bat pasatzea».

Hainbertze zalapartarekin oharkabean pasatu zen detaile bat aipatu zuen Lekuonak: «Ohi bezala, Alarde Fundazioak ez du baimenik eskatu, fundazioaren izaera bera ere auzitegietan dagoelako».

Elkarrekin Podemoseko parlamentari Miren Gorrotxategik ere Igor Enparan alkateak harturiko jarrera txalotu zuen. «Erakundeak kolore politikoz aldatzen direnean, zenbait gauza aldatu egiten dira. Agintaldi honen amaieran Hondarribian alarde parekidea izateko aukera zabaldu da».

ALKATEA: «ALARDE BAKARRA BIZIKO DUGU»

Enparanek alarde diskriminatzaileari harrera egin ondotik egin zituen adierazpenak. «Emakumezko, gizonezko zein genero batekin edo bestearekin identifikatzen ez direnek parte hartzeko eskubidea dute. Urratsak egin ditugu, alderdi guztiak egon gara harrera instituzionalean, gatazka piztu zen urteaz geroztik lehen aldiz, eta harro nago, nahiz eta ezberdin pentsatu, gai izan garelako une batean edo bestean eremu bera partekatzeko».

«Alarde bakarra noizko?», galdetuta, hori herritar guztien artean adostu beharko dela erantzun zuen. «Gustatuko litzaidake lehenbailehen adiskidetzea eta adiskidetzen garen egunean ziur naiz alarde bakarra biziko dugula», erran zuen.