GARA Euskal Herriko egunkaria

Frankismoaren bi biktimaren gorpuak desobiratu ditu Aranzadik


Nafarroako Memoria Institutuak bi pertsona errepresaliaturen gorpuak atera zituen atzo lurpetik Erripako hilerrian, Odieta udalerrian. Aranzadi zientzia elkartea arduratu zen, Nafarroako Gobernuaren Memoria eta Elkarbizitzaren Zuzendaritza Orokorraren desobiratze planaren barne. Guztira, frankismoaren biktima izan ziren 157 lagunen gorpuzkiak atera dituzte plan horren baitan 2016. urtetik.

Maria Chiviteren Gobernuak prentsa ohar batean jakinarazi zuenez, Aranzadiko lantalde teknikoak egin zuen Erripako exhumazioa, bi hildakoen senideak, bailarako bizilagunak eta memoria elkarteetako kideak begira zirela. Horiei guztiei esker bildu dute dokumentazioa eta topatu dituzte errepresaliatutako pertsonen gorpuzkiak, hain zuzen ere.

GOBERNUAREN DEIA

Jendeak izan dezakeen informazioaren garrantziaz jakitun, Nafarroako Exekutiboak herritarrei dei egin zien, hobi edo lurperatzeren baten kokapenaren berri izanez gero, jakinaraz dezaten eta haien testigantza parteka dezaten.

Horretarako, Memoriaren Institutuaren email helbidea eman zuten: inm@navarra.es.