GARA Euskal Herriko egunkaria

Ematea


Denik eta galderarik indiskretoena, lotsagabeena, jasanezinena, baita ohikoena ere, poliglotena, gehien jazartzen zaituena, telefonoz zein aurrez aurre, egia maite duen oro torturapean ezartzen duen galdera, izan ere erantzun gisa gezur miserable bat izateko formulatzen baita. Hauxe da: ‘‘Zer moduz zaude?’’. Mezu hau bidali dit Garbiñek, berari Julenek bidali ziola, eta hark Guido Ceronettiren ‘‘La fragilità del pensare‘‘ liburutik itzuli zuela. ‘‘Hankak lurrin’’ irrati emisioko subjektu bati heldu diogu, a zer perlak emankizun haietan. Nik ere galdera modu hori ez dudala agoantatzen erran diot, automatak bagina bezala, inertziari jarraiki bizitzaren ilaran, tonto samarrak aukeran. ‘‘Ondo?’’ eta ‘‘Bai’’. Hemen, ezagun bat ikusiko orduko, ‘‘Ça va?’’ galdera anitz erabiltzen dela erran diot, frantsesez, eta ‘‘Ça va’’ erantzuten zaiola, euskaldunoi formula bertsuan itzulpen merke samarra ailegatu zaigula bide batez; ‘‘Badoa?’’ eta ‘‘Badoa!’’ erantzun. Hala ere, azken urteotan ‘‘Ongi?’’ nagusitu dela, holaxe zuzen-zuzenean! Presioa. Gure aitak bazuela esaldi magistrala: ‘‘Ondo esan beharko, bestela poztu egiten zarete eta!’’. Askoren ‘‘Txarra kenduta’’ erabiltzen dudala nik, trantzetik pasatu eta handik eskapatzeko. Garbiñek bere izeba Maitereren ‘‘Nik nahi bezain ondo ez, baina askok nahi baino hobeto’’ maite zuela eta ‘‘Aldanondo’’ erabiltzen duela berak, eta ‘‘Oso baliente nagoenean inork aditu nahi ez duena ere esaten dut: ‘gaizki’. Eta atzetik esplikaziorik ez eman. Hori duk klabea, esplikaziorik ez ematea’’.