GARA Euskal Herriko egunkaria

Sorturen independentziarako ziabogak oihartzun berezia izan du Donostian

Donostiako estropaden bigarren igandea baliatu zuen Sortuk independentziaren aldeko indarrak biltzeko. Manifestazioa egin zuen Bulebarretik hasita, norabide hori berresteko eta aukera berriak daudela nabarmentzeko. Arraunlariei emandako animoak isildu zirenean,«Independentzia» leloa nagusitu zen hiriaren bihotzean.

«Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean: burujabetzaren ildo ezberdinak irudikatu zituzten Donostiako kaleetan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Kontxako Banderaren txanda guztiak amaitu ostean, arraunlariei animoak emateko oihuak isildu zirenean, «Independentzia» leloa nagusitu zen Donostiako erdigunean, Sortuk manifestazioa antolatu baitzuen, 13.30ean Bulebarretik abiatuta, aldarrikapen hori ikusarazi eta indartzeko.

«Gure herriak dituen erronka itzelei aurre egiteko ezinbestekoa da ziaboga indartsu bat. Bizitzak eta haien zaintza erdigunean jarriko dituen olatua ere izan behar du», aipatu zuen ezker abertzaleko alderdiak. Aurten independentziarako bidea egiteko baldintza berriak sortu direla ekarri zuten gogora; besteak beste, maiatzeko eta uztaileko hauteskundeetako emaitzei erreferentzia eginez. Aurreko urteetan jauzi bat egiteko adierazitako nahia egia bilakatzeko aukera gertuago ikusten du Sortuk.

ARRAUN UGARI, TRAINERU BAT

«Erronkaz betetako lan urte politikoa dator. Uztailaren 23an faxismoari marra gorria ezarri genion Euskal Herrian. Mehatxu atzerakoien aurrean, guztion onurarako izango diren eskubideen alde borrokan segitu behar da orain», adierazi zuen Sortuk.

«Zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde, euskaldunon aurkako erasoei aurre egin eta jauzi berriak egitearen alde, etxebizitza eskubidearen alde, udalgintzatik proiektu eraldatzaileak sustatuz, aberastasunaren banaketa erradikalaren alde, trantsizio ekologiko justuaren alde zein euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzearen alde. Arraun ezberdinak, baina denak traineru berean, burujabetza gero eta gehiago izateak emango baitizkigu eskubide horiek denak bermatzeko tresnak», laburbildu zuten, kirol ospakizunarekin bat eginez. «Independentziarako indarra»” izan zen aurreko pankartaren leloa. Ondoan beste batzuk ikusgai ziren, Euskal Herriak independentzia eta sozialismoa behar dituela aldarrikatuz, feminista, ekologista ere bai...

Jende asko batu zen mobilizaziora Alderdi Eder aldean, estropadak Urgullen, kaian, Kontxako pasealekuan eta Parte Zaharreko tabernetan jarraitu ondoren. Udatiarrez betea zegoen alde hori, eguraldi zoragarria lagun (26 gradu, eguzkia goian, baina itsas haizeak arindua), eta ondorioz oihartzun berezia izan zuen mobilizazioak. Ibilbideari ekin aurretik, Aritz Arzallus Sortuko Gipuzkoako arduradun politikoak hartu zuen hitza: «Iaz esan genuen aldaketaren olatua eragiteko aukera Gipuzkoan eta Euskal Herrian parez pare irekita genuela. Gaur, aldiz, olatu hori abian dela diogu, eragin dugula. Orain, olatu hori biderkatzera goaz, sakoneko eraldaketaren marea bultzatzera», adierazi zuen.

Arzallusek nabarmendu zuen ziklo politiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak direla: «Ezker independentismoa inoiz baino indartsuago dago; besteak beste, iragan kurtsoko bi hauteskunde hitzorduek frogatu duten modura».