GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
RAFA DIEZ USABIAGA
LAB sindikatuko idazkari ohia

«Estatuekin herri gisa hitz egin behar dugu, ez alderdi gisa»

Lizarra-Garaziko Akordioa sinatu zutenetako bat da Rafa Diez. Garaiko hausnarketek gaurkotasun handia dutela uste du, eta, askoren «porrot sentsazioaren» gainetik, uste du orduko ideia eta eztabaiden arrastoei jarraika iritsi garela egungo testuingurura. Hala ere, alderdien hegemonien lehiaz harago, herri gisa jauzi bat ematearen beharra azpimarratzen du.

(Idoia ZABALETA | FOKU)

25 urte igaro dira Lizarra-Garazitik; perspektibarekin, zein balorazio egiten duzu?

Momentu historikoa izan zen, espazio abertzalearen arteko hausturaren ondoren, trantsizio politikoa deiturikoari aurre egiterako orduan. Momentu horretan indar politiko, sindikal eta sozialak ondoren 78ko erregimen gisa izendatutako aldamio politiko instituzionalak zalantzan jartzen hasi ziren, eta izaera politikoko gatazkari aurre egiteko metodologia eta edukiak ezarri ziren, adierazpenean nabarmentzen zirenak. Inflexio-puntu bat izan zen, Estatuko botereek euskal nazioaren inguruan ezarritako asimilazio nazionalaren ereduari dagokionez. Une horretatik aurrera, eduki eta aldarrikapen jakin batzuk proposamen politiko eta dinamika sozialetan kokatu dira: Ibarretxe Plana, erabakitzeko eskubidea... eta ehun politiko, sindikal eta sozialaren zati handi batek egun indarrean dauden beste planteamendu batzuk biltzen ditu. Bestetik, adierazpenaren dimentsio nazionala azpimarratuko nuke. Lizarra-Garazi enbrioi bat izan zen, analisi, konpromiso eta ekarpenen aldetik eta errealitate soziopolitiko eta administratiboen gainetik, lurralde unitate funtzional baten alde lanean hasteko.

Konplikatua zen eszenatokia. Nola lortu zen konfiantzazko markoa eraikitzea?

Egoera konplikatua zen, baina maila politiko, sindikal eta sozialeko harreman eta elkarrizketak oso aktibo zeuden, eta egun sumatzen ez dudan sakontasun bat zuten. Proiektu antolatzaile bakoitzak bere ‘historia’ zuen, eta bere baldintzak, baina konfrontazio eta biolentzia egoera eraldatzeko gogoa eta Estatuari pultsua egiteko indarrak batzeko interesa zegoen.

Egun, Hego Euskal Herriko harreman ‘horizontalak’ hegemonia lortzeko gatazkekin kutsatuta daude, Espainiar Estatuari aurre egiteko proiektu nazionalaren erronka, konpromiso eta akordioak baztertuta geratzen direlarik. Garaiko EAJko kide baten hausnarketa erabiliz, ‘abertzaleen arteko batuketa zero den bitartean, Estatua lasai dago, eta prozesu politikoa mantsotu egiten da’. Hori gaur egun ere oinarrizkoa da. Bitxia da borroka armatua desagertu ostean kolaborazio politiko eta sindikala eta elkarren arteko konfiantza gutxitu izana. Hori plano sindikalean (ELA eta LABen arteko akordioetan) eta politikoan ere suma zitekeen.

Euskal jendarteak ilusioz hartu zuen.

Akordioak inpaktu sozial ikaragarria izan zuen, eta sinergia sozial asko aktibatu zituen. Ilusio sozial bat sortu zuen, potentzia bat. Bakoitzak gure ardura dugu, baina ez genuen momentu politiko hura kanalizatzen jakin, bakoitzak aurrez zituen inertziak zirela eta. Nire ustez, gizartea aurreratuago zegoen egitura politikoak baino. Gatazkaren konponbidea bilatzen zuen, biolentziaren desagerpena; baina ulertzen zuen espazio abertzalean, ezkerreko eremuan, etapa berri bat ireki behar genuela ere, konstituzio espainolak inposatzen zituen hipotekak gaindituko zituen etorkizuna eraikitzeko.

Lizarra-Garazi gabe, egun gauden testuingurua posible al litzateke?

Lizarra-Garazik aldaketari eta proposamen berriei eman zien bide; Ibarretxe Plana adibidez. Eta horrek, ziurrenik, EAJren posizioa baldintzatu zuen post-Lizarra testuinguruan. Bertako kontzeptuek eta hausnarketek eragina izan zuten ezker abertzalearen estrategia aldaketan ere; hots, 2004-2007ko negoziazio prozesuaren ondoren izan ziren eztabaidetan. Nolanahi ere, ez da esperientzia haren azterketa nostalgikorik egin behar, baizik eta gaur egun oraindik ere presente dagoen gatazka politiko bati aurre egiteko gida gisa erabili beharko liratekeen ondorioak atera behar dira: gatazkaren ikuspegi nazional baten (Euskal Herria bere osotasunean) eta eredu politiko baten beharra dago: estatuekin hitz egin baino lehen, indar politiko eta sindikal gehienen artean adostutako alternatibak eraiki behar dira, negoziaziora herri gisa iristeko, eta ez alderdi gisa.

Esaldi biribil bat jasotzen zuen akordioak: «Euskal Herriak dauka hitza eta erabakia».

Esaldi horretan sintetizatzen dira ezinbesteko gakoak. Subjektu politiko baten aitortza, Euskal Herriaren zazpi lurraldeak, eta erabakitzeko eskubidea, hitza euskal jendarteari emanez demokrazian bizitzeko. Esaldi horrek izugarrizko gaurkotasuna dauka eta gehiengo sozial eta instituzionalaren oinarrizko erreferentzietako bat da. Gai horiek erakunde politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarrizketaren parte izan behar dute, egiturazko gaiak baitira, eta, ondoren, erabaki ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoetan eragiten dute. Beste joko-zelai eta arau politiko bat behar dugu, gure herrialdeak bere potentzial guztia proiektatu ahal izateko. Bestela, modu bateko edo besteko hegemoniez harago, komunitate nazional gisa dekadentzia kolektibo batean eror gaitezke.