GARA Euskal Herriko egunkaria

«Ziklo politiko berrirako indarrak» bilduko ditu Sortuk nazio ekitaldian

VI. Nazio Konferentziaren aurkezpena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sortuk nazio ekitaldia egingo du hilaren 23an, nazio askapen mugimenduarentzat berezia den irailaren 27aren harira: «Gure balioak aldarrikatzeko eta berresteko eguna da, Txiki eta Otaegik gorpuzten dituzten baloreak». Nora Aurrekoetxeak eta Laura Ruizek egin dute 27rako kartela.

Sortuk azaldu zuenez, hamarkada joan da «euskal independentismoak, jendartearen nahiarekin bat eginez, gatazka politikoa konpontzeko aro berri bati ekiteko erabakia hartu zuenetik», eta «Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko ibilbidea jaso eta ziklo berrira egokitzeko ahalegin etengabean» ari dira. Horretarako, uste dute iruditegi berria, sinbolo berriak eta kontakizun berriak beharrezkoak direla, betiere «iragana alboratu gabe».

Gaua hartu dute erreferentziatzat artistek: «Konspiratzeko une gisa, arauak hausteko momentu gisa». Ez da kartel soil bat, Sortuk esan duenez, «unibertso oso bat» baizik.

Irailaren 27a data berezia da Sorturentzat eta nazio askapen mugimenduarentzat: «Gure proiektu politikoa berresteko eguna da gure komunitatearentzat, helburu guztiak lortu arte, borrokan jarraitzeko zin egitea».

Azken hauteskundeen ostean, hego Euskal Herrian ziklo politiko berria abiatzeko aukera irekita dagoela uste du Sortuk. Ipar Euskal Herrian, berriz, abertzaletasunak «indarra eta zentralitatea» hartu dituela azaldu zuten.

Jakinarazi zuten irailaren 23an bilduko direla Sortuko kideak Arrasateko Uarkape frontoian, VI. Nazio Konferentzian. Halaber, dei egin dute 17.30ean Monterron parkeko ekitaldian parte hartzera.