GARA Euskal Herriko egunkaria
IM-EKO PRESIDENTETZA

David Campion, berriz ere Iruñerriko Mankomunitateko presidente

David Campion, atzoko batzarra baino lehen, Mankomunitatearen egoitzan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroan aurrekontu handiena duen erakundeetako bat, David Campion independenteak zuzenduko du berriro. Lau urterako aukeratu zuten bozketan, presidenteak babes zabala izan zuen; izan ere, akordio programatikoa 54 batzarkideetatik 31k babestu zuten: EH Bilduko 16k, Geroa Baiko 4k, Contigo-Zurekin-eko 3k eta 8 independentek -Rafael Anso, Zizur Zendeako alkatea, bozketara falta izan baitzen-. 2019ko inbestidura-akordioan parte hartu zuen PSN ez dago aurtengo itunean.

PSN ez egotearen gakoa da Elma Saizek erakundearen buru izan nahi zuela. Hala berretsi zuen PSNk ohar batean, non «Iruñerriko Mankomunitatean lortutako akordiotik kanpo geratu izana» deitoratu zuen. Saizek berak adierazi zuenez, «ez du ulertzen akordioa sinatu duten taldeek zergatik aukeratu duten presidentetza independenteei ematea, eta ez PSN-PSOEri». Prentsan, UPNko batzarkideen behin-behineko babesa jaso zezakeela ere zabaldu zen. Baina zifrek ez zuten ematen.

Campionek argitu zuen PSNk dokumentuaren lanketan parte hartu duela eta «ekarpenak» egin dituela, baina sinatzaileei ez dagokiela azken aldaketa horren inguruko azalpenak ematea. Hala ere, EH Bilduk, independenteek, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiak atzo goizean prentsaren aurrean sinatu zuten akordioak zehazten du «garapenaren ikuspegi eraikitzaile eta aurrerakoia duten talde guztiei» irekita dagoela.

Oro har, akordioak ildo kontinuista ezartzen du aurreko aginduari dagokionez, eta Uraren Plan Estrategikoari buruzko neurri zehatzak jasotzen ditu, baita Gongorako zabortegiari irtenbide bat ematea eta edukiontziak irekitzeko txartelen sistema mantentzea ere, besteak beste.

Garraioari dagokionez, PMUSaren esparruan eredu berri baterantz aurrera egiteko beharra jasotzen du dokumentuak, Eskualdeko Hiri Garraio Zerbitzua (TUC) zabalduz eta hobetuz. Era berean, sare horretatik kanpoko hiriarteko garraioa hobetzea ere jasotzen du, mankomunitateak zerbitzu hori kudeatzearen alde eginez.

Halaber, eskualdeko bizikleta elektrikoaren zerbitzu bat sortzea aurreikusten du dokumentuak. Arlo horretan, Iruñeko Udalarekin sintonia ona dutela ziurtatu zuten; eremu guztietan berdina izan dadin, bidegorriaren eredu homogeneo bat ezarri, eta eskualde osoa komunikatuko duen oinezkoen ibilbideen dokumentu bat egin nahi dute.

BATZARRA, SORPRESARIK GABE

Atzo goizeko akordioaren ostean, bozketa sorpresarik gabe egin zen Mankomunitatearen egoitza berrian. «Oraingoan alkandora jantzita etorri naiz, eta amari abisatu diot», esan zuen, txantxetan, Campionek berak, duela lau urte erlojuaren kontra egindako aukeraketaren ondoren.

Campionen hautagaitza Iruñerriko Mankomunitateko presidente izateko aurkeztu zen bakarra izan zen; izan ere, gutxienez 54 lagunetik 28 behar ziren, eta UPNk, PSNk eta PPk ez zuten babes hori lortzen. Ildo horretan, Campionek gogorarazi zuen akordio programatikoak Iruñerriko udalen % 85en babesa duela.

Horrela, Campionek atzo arratsaldean bertan hartu zuen kargua, batzarraren bozketaren ostean, eta, adierazi zuenez, «lau urtez hainbat taldek oso ondo lan egin dugu», eta «batasun hori berriro osatzea» espero duela adierazi zuen presidenteak.