GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Osloko Akordioek ez dute bakea ekarri Palestinara


Duela hogeita hamar urte palestinarrek eta israeldarrek Osloko Akordioak sinatu zituzten Etxe Zurian. Akordioaren izena eta sinaduraren lekua bat ez etortzeak asko esaten du adostutakoaren irismenari buruz. Eta batez ere, argi uzten du Estatu Batuen itzal luzea gatazka honen administrazioan. Bi urte geroago, ultraeskuinak akordioa sinatu zuen Isaac Rabin Israelgo lehen ministroa hil zuen. Magnizidio hark ia itxi egin zuen Oslon negoziatu zen bake-prozesu iragankorra.

Konpromiso nagusia elkarren arteko onarpena izan zen. Horren ondorioz, Zisjordaniako eta Gazako gobernuak bere gain hartuko zituen Palestinako Agintaritza sortu zen. Hori izan beharko zatekeen lehen urratsa gai nagusiak jorratzeko, hala nola errefuxiatuen itzulera, Jerusalemen estatusa edo mugen marrazketa, bi estaturen konponbidea ezartzeko. Palestinako Aginte Nazionalaren sorreraz aparte, gerora gertatu zen oro atzerapausoa izan zen: lurralde okupatuetan etengabe kolonia judu berriak eraikitzeak eta palestinarren eskubideen urraketa sistematikoak indarkeria-eztanda luzeak eragin zituzten. Horren guztiaren ondorioz, gaur egun bi estaturen konponbideak ez du ia babesik, palestinarren aurkako Israelgo apartheid-a gero eta esplizituagoa da, eta badirudi Palestinako herriaren belaunaldi berriak berezko bidea bilatzen ari direla, irteerarik gabeko egungo kalezulotik kanpo. Garapen honetan, nazioarteko komunitatearen jarrera elezuria azpimarratu behar da, bere distantziakidetasunetik, Israelek nahi izan duen guztia egitea ahalbidetu baitu.

Denborak ematen duen perspektiba ikusita, uste orokorra da Osloko Akordioek Palestina Askatzeko Erakundearen (PAE) ahultasuna baliatu zutela Israelen interesen alde egiteko. Ondorengo gertakariek ere argi utzi dute Israelek ez zuela inoiz okupazioarekin amaitzeko asmorik izan. AEBei eta nazioarteari dagokienez, beren interesak administratzera mugatu dira; dirudienez, giza eskubideen erretorika ez da palestinarren kasuan aplikagarria. Nolanahi ere, nekez lortuko da bakea okupazioa amaitu gabe, justiziarik gabe eta palestinarren giza eskubideak errespetatu gabe.