GARA
GASTEIZ

Hezkuntza Legeak «euskara gehiago» izateko sinadura bilketa

Hezkuntza Lege berriak euskara gehiago behar duela Lakuari eskatzearren, Euskalgintzaren Kontseiluak sinadura bilketa abiatu du, hezkuntza komunitateko eragile eta sindikatuekin batera. Euskararen normalizazioa bultzatzeko «neurri proaktiboak» exijitu dituzte.

Sinadura bilketa abiatu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
Sinadura bilketa abiatu du Euskalgintzaren Kontseiluak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskalgintzaren Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeak euskara gehiago behar duela aldarrikatzeko sinadura bilketa abiatu du, hezkuntza komunitatearekin batera.

Atzo aurkeztu zuten Gasteizen, eta hiru puntu zehatz lege berrian berariaz jasotzeko eskatu zioten Lakuako Gobernuari. Batetik, euskara ikas eta irakats hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa, hau da, euskarazko ikasteredu orokortua; bigarrenik, euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta, hirugarrenik, hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.

Urriaren 15a bitarte sinatu daiteke euskaragehiago.eus atarian edota ikastetxeetan jarriko diren mahaietan.

«Euskararen normalizazioan egiten den urrats bakoitza urrats bat da demokrazian sakontzeko», adierazi zuen Kontseiluak. Eta horretarako, euskararen normalizazioan, hezkuntza komunitatea «zutoin nagusietako bat» izan dela azaldu zuten. Euskarak egoera gutxituan jarraitzen duenez, «neurri proaktiboak» beharrezkoak direla nabarmendu zuten: «Ezin arau daiteke bi hizkuntzak maila berean baleude gisa».

Hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua euskarak izan behar duela eskatu zuten. Hizkuntza proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak legeak ezarri behar lituzkeela ere gaztigatu zuten: «Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria».

Hizkuntza kulturarik gabe ezin dela ulertu, eta legeak kultur arloa ere jaso behar duela gaineratu zuten: «Kalitatezko hezkuntzaren bidean, ezinbestekoa da euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzea, gizarte kohesiorako elementua baita».

HEZKUNTZA KOMUNITATEA.

Proposamena ez duela Kontseiluak bere kasa egin azaldu zuten. Eta ikas komunitateko hainbat guraso, langile, ikasle eta irakaslerekin batera egin zuten sinadura bilketarako deia. Eragileen artean dira STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak eta Euskal Herriko Ikastolak, EHIGE, Hik Hasi eta HEIZE hezkuntza eragileak.