GARA Euskal Herriko egunkaria

Amaia Abandak irabazi du Gladys Sariaren hirugarren edizioa

PuntuEUS fundazioak jakinarazi duenez, Gladys Sariaren hirugarren edizioaren garailea Amaia Abanda izan da. Ingurune digitalean aritzen diren emakumeen lana nabarmentzea du helburu sari honek eta, bide batez, baita gazteentzat erreferentziak sortzea ere.

Amaia Abanda, Gladys Sariaren hirugarren garailea. (PUNTUEUS)

Amaia Abandak jasoko du hirugarren Gladys Saria, PuntuEUS fundazioak atzo ezagutarazi zuenez. Epaimahaiak irabazlearen diziplinartekotasuna nabarmendu zuen; izan ere, matematikaria da ikasketaz, eta arlo informatikora bideratu ditu interesak, formazio osagarria eta jarduna.

Abanda Donostian jaio zen 1989an. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB) burutu zituen matematika ikasketak. Ondoren, Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuko (KISA) masterra egin zuen 2014-2015 ikasturtean, UPV/EHUko Informatika Fakultatean. Azkenik Basque Center of Applied Mathematics (BCAM) eta UPV/EHUko Informatikako Fakultateko Intelligent System Group (ISG) taldeen artean burutu zuen tesia aurkeztu zuen 2022an.

EMAKUME KONPROMETITUA

Gaur egun Tecnalia ikerkuntza zentroan lanean dihardu, datu zientzian ikertzaile bezala.

Azpimarratzekoa da KISA masterrean 2014-2015 ikasturteko espediente onenaren saria eman ziotela, eta 2018an Congreso de la Asociación Española Para la Inteligencia Artificialean (Caepia), tesi proiektu onenaren aipamena jaso zuela.

Ikertzaile lanaz gainera, ekimen handiko emakumea da, eta azken urteetan lankidetzarekin, dibulgazioarekin eta genero berdintasunarekin erlazionatutako zenbait proiektutan parte hartu du.

GLADYS SARIAN EMAKUMEAK OINARRI

PuntuEUSek eta EHUko Informatika Fakultateak antolatu dute Gladys Sariaren hirugarren edizioa, Gipuzkoako Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen, Danobatgroup industria taldearen babesarekin, eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin.

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferentziak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburutzat.

Gladys del Estal informatikaria gogoratzea du bigarren xedea.

Sariaren banaketa irailaren 26an egingo da, goizeko 11.00etan, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultatean.