NEREA LAUZIRIKA
BILBO

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, «range roverretik» Berlingo metrora

Urriaren 1ean hastekoa da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Mungian egingo duten kanporaketa saioarekin. Testuinguru berezian jokatuko da, Bizkaiko Bertsozale Elkartearen 40. urteurrena ospatzen ari direlako aurten. Sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta abenduaren 16ko Bilbao Arenako finalak osatuko dute txapelketa. Sarrerak salgai daude dagoeneko, bertsosarrerak.eus atarian.

Igor Elortza hizketan, Leixuri Arrizabalaga begira duela.
Igor Elortza hizketan, Leixuri Arrizabalaga begira duela. (Oskar MATXIN | FOKU)

2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa urriaren 1ean hasiko da, Mungian, eta abenduaren 16an amaituko da Bilboko finalarekin. Nafarroakoa hilaren 16an hasiko da, Atarrabian. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan, guztira, sei kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala izango dira.

Bilbon, Rekalde aretoan atzo egindako aurkezpenean, Igor Elortza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeko kide eta bost aldiz Bizkaiko Txapelketako txapelduna, Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduraduna eta Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua izan ziren. «Inoiz entzundako bertsorik onena entzungo dudala pentsatuz joaten naiz saio bakoitzera», azaldu zuen Elortzak, eta jarrera horrekin txapelketako saioetara gerturatzeko gonbita luzatu zuen.

Testuinguru berezian garatuko da aurtengo txapelketa, Bizkaiko Bertsozale Elkartea sortu zeneko 40. urteurrena baita. Elortzak aitortu zuen nabarmen aldatu dela bertsolarien zein bertsozaleen profila azken hamarkadetan. 1980. urtean Arriagan bertsotan aritu zenean, gizonak ziren denak, bizpahiru eskualdetakoak, eta, baten bat kenduta, 50 urteen bueltakoak, azaldu zuenez. Egun, ordea, «eskualde “ez horren euskaldunetako” bertsolariak ere badabiltza, guraso ez euskaldunen seme-alabak, %33 inguru dira emakumezkoak, eta adin batezbestekoa 28 urtetan dago».

Elortzak adierazi du aldaketa horrek eragina duela gaitegian eta hari heltzeko moduan, baita erakartzen duen zalean ere: «Gu hasi ginen sasoian bertsozaleak Range Roverrean zetozen, gaur Berlineko metroa dirudi».

Kanporaketak, urriaren 1ean hasi eta azaroaren 1era bitarte jokatuko dituzte Mungian, Gernika-Lumon, Arrigorriagan, Erandion, Igorren eta Lekeition. Finalaurrekoak azaroaren 11n, 18an eta 25ean izango dira, Berrizen, Santurtzin eta Lemoan, hurrenez hurren.

Berrizko finalaurrekoan Aitor Etxebarriazarragak, Gorka Pagonabarragak, Xabat Galletebeitiak, Arrigorriagako irabazleak, Lekeitioko irabazleak eta puntuazioz hirugarrenak hartuko dute parte. Santurtzikoan, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Mungiako irabazlea, Erandioko irabazlea, puntuazioz lehena eta puntuazioz laugarrena lehiatuko dira. Lemoakoan, aldiz, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Gernika-Lumoko irabazlea, Igorreko irabazlea, puntuazioz bigarrena eta puntuazioz bosgarrena arituko dira.

Finalaurreko bakoitzeko irabazleek eta puntuazioz lehen bost postuetan daudenek jokatuko dute Bilbao Arenan abenduaren 16an egingo duten finala. Saio guztiak arratsaldeko 17.00etan hasiko dira.

AHALDUNTZE ESKOLA

Bertsozalea ez ezik, garaiak ere aldatzen ari direla nabaria da bertsolaritza munduko beste alor batzuetan ere. Horren adibide da Ahalduntze Bertso Eskola Feminista. Urriaren 21ean hasiko da eskola, eta irailaren 29ra arte dago irekita izena emateko epea. Bi talde sortuko dituztela azaldu du Bertsozale Elkarteak, bat Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, eta bestea, berriz, Durangoko Bizkaiko Bertsozale Elkartearen egoitzan.