GARA Euskal Herriko egunkaria

Presen Zubillaga hil da, memoria historikoan eta feminismoan ibilia Iruñean


Presen Zubillaga, memoria historikoaren aldeko militante feminista eta Iruñeko ikastolako irakasle erretiratua, atzo zendu zen, Nafarroako hiriburuan.

1970eko hamarkadan hasi zuen Zubillagak militantziari eman zion bide luzea, Liga Komunista Iraultzailean (LKI). Iruñeko ikastolan irakaslea izan zen eta, gainera, Alde Zaharreko Zabaldi txoko internazionalistaren nahiz Emakume Internazionalistak taldearen sortzaileetako bat izan zen.

Urte luzez Iruñeko mugimendu feministako kide aktiboa izan zen.

MEMORIA HISTORIKOA

Aipatutako guztiaz gainera, memoria historikoa bizirik mantentzeko lanetan ere aritu zen Presen Zubillaga. Sanfermines 78 Gogoan taldeko kidea izan zen. Besteak beste, 1978ko sanferminetan Polizia espainolak tiroz hil zuen German Rodriguez zenaren adiskideek osatzen dute taldea, eta adiskidea zuen Zubillagak, LKIn militatu baitzuen Rodriguezek ere.

Azkenengo urteetan, memoria historikoa berreskuratzea helburu zuten beste zenbait ekimenetan ere parte hartu zuen, kasurako, frankismo garaiko krimenen ordaina bilatzen duen kereila argentinarraren alde egindakoetan.