16 SET. 2023 Gehiengo sindikalak bi greba egunera deitu ditu EAEko sektore publikoak ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek bi greba egunera deitu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoko langileak. Urriaren 25ean egingo dute lehen lanuztea, eta abenduaren 19an bigarrena. 150.000 behargin inguru grebara deituta daude. UGT sindikatuak ez du deialdiarekin bat egin, «itxurakeria» dela iritzita. CCOOko Sonia Aldabe, ELAko Igor Izagirre eta LABeko Irati Tobar, Bilboko agerraldian. (Aritz LOIOLA | FOKU) Nerea LAUZIRIKA BILBO Urriaren 25ean eta abenduaren 19an greba egingo dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan, ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK sindikatuek deituta; sektorearen %85 ordezkatzen dute. UGTk ez du deialdiarekin bat egin, «itxurakeria» dela iritzita. Salatu zuten azken urteetan zerbitzu publikoen kalitateak okerrera egin duela eta baita lan baldintzek ere. Azaldu zutenez, azken hamarkadan egindako negoziazio saiakeren aurrean erakunde publikoek agertu duten jarrera dela-eta, ez zaie greba deitzea beste aukerarik geratu. LABeko Irati Tobarren arabera, «ez da momentu puntual bateko kontua». Bilboko ELAren egoitzan agerraldi bateratua egin zuten sindikatuek, eta hitza hartu zuten Tobarrek, CCOOko Sonia Aldabek eta ELAko Igor Izagirrek. Egoeraren analisia egin zuten, eskaera zehatzei heldu aurretik. Besteak beste, gogora ekarri zuten hamarkada luzea daramatela eremu publikoko hitzarmen kolektiboak eta akordio arautzaileak berritu gabe, eta «onartezintzat» jo zuten behin-behinekotasuna. Halaber, pribatizazioaren aurka agertu ziren, eta azaldu zuten 100.000 langile inguru daudela azpikontratatuta sektore publikoan. Zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duten beste hainbat arazo mahai gainera ekarri zituzten: murrizketak, plantilla urriak, langileen lan kargak handitzea, ordezkapenik ez egitea, belaunaldi erreleboaren planifikaziorik eza, osasun zainketen konplexutasunaren gorakada, kontziliazio neurriei heltzeko zailtasunak, eta abar. Salatu zuten ez dagoela zerbitzu publikoak eta haietan lan egiten duten langileak benetan euskalduntzeko ez plangintzarik, ezta baliabiderik ere. Adierazi zuten euskal erakundeek superabita izaten jarraitzen dutela «mozkin pribatuak gizentzeko»: «Gizarte premiak larriagotzen eta zerbitzu publikoak okertzen diren bitartean, euskal gizarteak sortutako 10.000 milioi euro bankuetan gordeta dituzte». Horrela, neurri zehatzak galdegingo dituzte lanuzteekin. ESKAKIZUN ZEHATZAK Gobernu espainolaren aurrekontuetan eragin dezatela eskatuko diete alderdi politikoei, «soldata publikoak eta enplegu publikoaren beharrak «hemen mugarik gabe» ezartzeko. EAEko aurrekontuetan, aldiz, zerbitzu publikoak indartu ditzatela nahi dute sindikatuek, enplegu publikoa sortuz eta sendotuz, lan baldintzak hobetuz eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratuz. Halaber, hainbat neurri planteatu zituzten, negoziazio mahaietan adostu daitezen, hala nola soldaten igoera. Datorren urtean bertan igoera %10ekoa izan dadila eskatu zuten, azken bi urteetako erosteko ahalmenaren %20ko galera berreskuratze aldera. Igo gabe geratuko litzatekeen gainerako %10eko zorra aitortzea ere galdegingo dute, eta hura berreskuratzeko benetako konpromisoa hartzea. Enpleguari dagokionez, ohartarazi zuten ez dutela pribatizazio gehiago onartuko, eta pribatizatuta dagoena publifikatu dezatela exijitu zuten, langileen subrogazioa bermatuz. Horrez gain, behin-behinekotasuna %8tik beherakoa izan dadila eskatuko dute, eta, besteak beste, plantillak gaztetzea. Lan kargak murrizteko neurri zehatzak adostea eta formakuntza egokia eta egokitua bermatzea galdegingo dute, eta langile publikoen osasunaren kudeaketan mutuek duten papera gutxitzea. Era berean, administrazioaren benetako euskalduntzea bermatuko duten planak adostea eta berdintasunaren alorrean aurrera egiteko neurri eraginkorrak aldarrikatu dituzte. BRECHA DE G��NEROEl empeoramiento de las condiciones de trabajo influye m��s en los sectores feminizados: ��La temporalidad es mayor, y las jornadas parciales son m��s generalizadas en sectores donde las mujeres son mayor��a o... Adem��s, la brecha salarial es superior al 25 %��.