GARA Euskal Herriko egunkaria

Malurra


Allons enfants de la Patrie. Le jour de gloire est arrivé! Contre nous de la tyrannie. L’étendard sanglant est levé… » Horrela hasten da “La Marseillaise” ereserkia, eta Frantziar Errepublikak Ipar Euskal Herrian hainbeste malur sortu ez balu, bera ohoratzen duen kantua ederra dela erranen nuke, bai doinuz eta bai hitzez. Ez dut ukatuko halere, urteotan ezagutu dudala ahotsa urratu arte kantuari heldu dion euskaldunik. Kolonizazio kulturalaren eragin ukaezina.

Munduko Errugbi Txapelketa ospatzen ari da Frantzian, eta Zeelanda Berriko taldearen kontra zuten lehen partida galiarrek. Aurten, ereserkiak kantatzeko, haurren koroak gonbidatzeko ideia izan dute; hiru mila haur arituko dira, eta ekimena polita den irudipena izanik ere, hautsak harrotu ditu ereserki zale ortodoxoen artean. “La Marseillaise la plus pourrie de l'Histoire” oihukatu zuen Julien Benneteau tenislari ohiak, polemika piztuz: «ustelena», «txarrena», «lotsagarriena» adjektiboak, hurrenez hurren.

Emakumeen tenis entrenatzaileak ez dio bere buruari galdegingo zer kristo egiten duen gizon batek nesken talde bat gidatzen, baina bere sentimendu abertzalearen minberatasuna eraman du hedabideetara haurren kontra.

Kirola eta politika ez direla nahasi behar nahinon erraten da, gurean gehiegitan entzun dugu; berriki, Kontxako banderaren garaile izan den Urdaibaiko Iñaki Goikoetxeari gainera etorri zaionarekin. Baina agintea duenak, boterea, eta hura erakusteko ahalmena, sekula ez dio muzin egingo bere gustuko osagarri politikoak edonora eramateari; izan kultura, kirola edo ekonomia. «Aux armes citoyens».