GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Zierbena, San Pedro, Bueu eta Hibaikak lekua egin dute Urdaibairen koroatzean

Urdaibaik bederatzigarren Eusko Label koroa jaso zuen, eta bere ospakizunetan tokia izan zuten Zierbenaren laugarren garaipenak, San Pedro eta Bueuren igoerak eta baita Hibaikak Euskotren ligako trainerua dela berretsi izanak ere.

San Pedroko eskifaia igoera ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eusko Label ligan ezer gutxi zegoen jokoan atzo Portugaleten, XLIX. El Corte Ingles banderan. Garaipen bat beti izaten da ederra eta Zierbenak amaiera biribila eman zion sasoiari. Laugarren bandera astindu zuen -bere historiako markarik onena- eta inoizko ondoen bukatu du liga erregularra: txapeldunorde, alegia, Hondarribiaren aurretik.

“Ama Guadalupekoak”, kasik sasoi osoan bigarren postuan egon ostean, sailkapeneko hirugarren koskarekin konformatu behar izan zuen, Portugaleteko uretan galipoak ezin harrapatuta aritu ostean. Zierbenakoek bigarren ziabogarako sei segundoko tartea zabaldu zuten eta hirunaka joan ziren errenta handitzen, zalantzarik gabeko garaipena erdiesteko. Hala, Urdaibairen koroatzean -historian, bederatzigarren aldiz- Zierbenaren pozak ere eztanda egin zuen.

IGOERAREN ZAPORE GOZOA

Batzuen poza eta besteen etsipena uztartu ziren play-offetako bigarren jardunaldian. Zierbena eta Urdaibairekin batera, etxera irriz itzuli zirenak Sanpedrotarra eta Bueu izan ziren.

Lau denboraldiren ostean eta bi aldiz KAE1 liga irabazita, “Libia” goi-mailara itzuliko da. Alegia, beste traineru historiko bat lehiatuko da hurrengo urtean Eusko Label Ligan. Berarekin batera, Bueuk lortu du igoera, Bermeoko denbora ona aprobetxatuta. Estreinakoz ariko da elitean Pontevendrako trainerua, hirugarren saiakeran helburua lortuta.

Helburua bete ezinda Santurtzi ibili zen, play-offetako bi jardunaldietan, oro har. Bermeon huts egin zuen -azken eginda- eta, Portugaleten hirugarren bukatu bazuen ere, ezin izan zuen saihestu jaitsiera. Duela bi urte arrakastaren aparretan zebilen ontzia ongi berregituratu beharko da, berriro ere Eusko Label ligara igo eta lehiakorra izan nahi badu.

EUSKOTREN LIGAN JARRAITUKO DU HIBAIKAK

Euskotren ligan jarraituko du Hibaikak, play-offetako bi jardunaldietan ETE ligako ontziak baino koska bat gorago dagoela berretsi ostean. Zail jarri zizkioten gauzak Zumaiak zein Kaikuk -txalotzeko sasoia osatu dute biek ala biek-, baina ezin izan diote aurrea hartu Errenteriako ontziari. «Uretan borrokatuta erakutsi dugu Euskotren ligako ontzia garela», adierazi zuen Zuriñe Alberdi Hibaikako patroiak.