GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Kaiolan ere Iker Larrazabalek beteko du Unai Lasok utzitako hutsune handia

Artola, Jaka, Larrazabal, Peña eta Urrutikoetxea ziurrak dira eta Agirrek eta Zubizarretak elkarren aurka atariko bat jokatuko dute seikotea osatzeko.

Iker Larrazabal, Ezkurdia egungo txapeldunaren aurkako partida batean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Udako sasoia amaitzear den honetan, enpresetako arduradunak hasiak dira udazkeneko txapelketak prestatzen eta, hala, Baikok atzo eman zuen jakitera urriko lehen astean hasiko den Lau eta Erdiko txapelketan bere ordezkariak izango direnen zerrenda. Unai Laso gabe -Bizkarreta-Gerendiaingoak ebakuntza izan zuenetik hirugarren hilabetea bete berri da eta Binakakorako prest egotea da erronka-, haren lekua nork beteko duen zen zalantza bakarra eta, uda osoan egin duenari jarraiki, Iker Larrazabal amurrioar gaztearen debuta izango da nobedade nagusia.

Arabarrak iaz Promozio mailakoan jokatu zuen eta ligaxkan partida bat irabazita (Zabalari tanto bakarraz) eta bi galduta (Agirreren aurka, 22-14, eta gerora txapeldun irten zen Salaberriaren aurka, 22-19) ez zuen finalerdietara sailkatzerik izan.

Aurten, ordea, bere jokoan aurrerapauso bat eman eta, Donostiakoan izan ezik, Baikok udako feria garrantzitsuenetan eta Mastersean jokatzeko ateak zabaldu dizkio eta, emaitzak onenak izan ez badira ere, egindako apustuari eutsiko diote eta, Artola, Jaka, Peña II.a eta Urrutikoetxearekin batera, Larrazabal kurtso berriko lehen txapelketan ariko da. Seigarren posturako Asier Agirrek eta Iraitz Zubizarretak atariko bat jokatuko dute Itziarren irailaren 30ean.

ZERRENDABURUAK ASPEKOAK

Aspek, bestetik, ez du argitu bere ordezkariak zeintzuk izango diren, baina gauzak normal joanda, Ezkurdiak, Altunak, Elordik eta Peio Etxeberriak, hau da, iazko lau semifinalistek, barruan egon beharko lukete, zerrendaburuak izanda final-laurdenetako ligaxkan hasteko abantaila dutelako.

Gogoan izan behar da Iker Salaberria dela iazko Promoziokoaren irabazle, baina honek atarikoa baino ez dio ziurtatzen, itxura batean Elezkanoren aurka. Dariok osatuko luke seikotea.