GARA
GASTEIZ

Gasteizen frankismoaren biktimak gogoan, Londresen gerrako euskal umeak

Atzo Gasteizen egindako omenaldia.
Atzo Gasteizen egindako omenaldia. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Frankismoak errepresaliatutakoak omentzeko ekitaldi bana egin zuten Gasteizen, Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek eta Arabako Errepublikar Ateneoak. Aldundiko Kudeaketa Batzordeko lehendakari zen Teodoro Olarte frankistek 1936an fusilatu zuten egunean egiten da urtero, “In Memoriam” monolitoan.

Foru Aldundiko eta Arabako Batzar Nagusietako ekitaldian izan ziren, frankismoak errepresaliatutako pertsonen senideekin batera, Irma Basterra Batzar Nagusietako lehendakaria eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia.

Omenaldian minutu bateko isilunea eta lore eskaintza egin zieten bertaratutakoek “Argi Basoa” eskultura multzoan, Aldundiak adierazi zuenez, «gure kontzientziak astindu eta gure seme-alabei Araban errepresio frankista jasan zela gogorarazteko». «Haiengandik jaso genituen demokrazia eta askatasunak, eta benetan prezio altua ordaindu behar izan zuten», azpimarratu zuten.

LONDRESEKO EUSKAL HAURRAK

Ez dira Gasteizen soilik oroitzen ari testuinguru horretan hildakoak, ordea. Ahanzturaren aurka matxinatzeko eta gai honi buruzko ikerketa sustatzeko asmoz, Ingalaterran finkatu ziren gerrako euskal haurren senideak beren odiseari lotutako lekuetan plakak jartzen ari dira, batez ere Londresen, horietako askoren harrera-lekua baita. Orain plakak herrialde arrotz batean bizi ziren euskal errefuxiatuentzat oso garrantzitsuak izan ziren hiru eraikinetan kokatu nahi dituzte: Hogar Español izenekoan, Instituto Español izan zenaren egoitzan eta Juan Luis Vives Fundazioan.