GARA Euskal Herriko egunkaria

Patxi Zubizarretak jasoko du Haur eta Gazte Literaturako Sari espainola

Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak jasoko du 2023ko Haur eta Gazte Literaturako Sari espainola, «Zerriak» (Erein) lanagatik. Epaimahaiak obraren «kalitate narratiboa» jarri du balioan, baita «gure kontzientzia, memoria eta oraina mugitu eta hunkitzeko» duen gaitasuna ere. Liburuan, Alpeetako glaziar batean agertutako gorpu batzuen bidez «memoria ariketa» bat egiten du, erantzuna Zuberoan topatu arte, XIX. mendean. 2021ean Lizardi saria jaso zuen.

«Sakonean, itsasoa ikusten da» (Txalaparta) helduentzako liburua aurkeztu berri du Zubizarretak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Haur eta Gazte Literaturaren esparruan aski ezaguna da Patxi Zubizarretaren izena. Ibilbidea helduen literaturari eskutik helduta hasi bazuen ere, haurren irudimenezko munduak erakarri, eta bien arteko bidean aritu izan da idazle ordiziarra, bataren eta bestearen artean dagoen murrua eraits daitekeela erakutsiz.

Maiz goraipatu zaio bere zeregina, hainbat sarirekin. Orain, Madrildik etorri zaio onarpen berria, Haur eta Gazte Literaturako Sari espainola jasoko baitu idazle ordiziarrak, iaz Ereinekin argitaratu zuen ‘‘Zerriak’’ lanagatik.

Epaimahaiak obra sarituaren «kalitate narratibo bikaina eta kontakizunaren ahalmen desafiagarria» nabarmendu ditu, baita autoreak eskaintzen dituen «giza izatearen gaineko deskribapen hipnotikoak» ere. Zubizarretaren kontakizunak «gure kontzientzia, memoria eta oraina mugitu eta hunkitzeko» duen gaitasuna ere jarri du balioan.

Autorearen idazketa molde «fin eta dotorea» ere nabarmendu dute, «zaurian edertasuna bilatzea lortzen duena eta gazte literatura harribitxi bilakatzea» lortzen duena.

Hau ez da, inondik inora, Zubizarretak jasotzen duen lehen saria. 90eko hamarkadatik hasita, ibilbide luzea du egina literaturaren esparruan eta, besteak beste, lau aldiz eskuratu du Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria: lehena 1998an etorri zen, ‘‘Gizon izandako mutila’’ lanarekin; 2006an eskuratu zuen bigarrena, ‘‘Pantaleon badoa’’ liburuagatik; hirugarrena 2010ean eman zioten, ‘‘Xia Tenzinen bidaia miresgarria’’ lanagatik; eta azkena 2019an lortu zuen, ‘‘Korri, Kuru, korri!’’ kontakizunarekin. ‘‘Zerriak’’ obrak berak, Lizardi saria jaso zuen 2021ean, eta jaso duen azken onarpena 2022ko Agustin Zubikarai saria izan da, ‘‘Gau otsoa’’ obragatik.

Eleberrigintza eta batez ere ipuingintza landu baditu ere, poesian, antzerkian eta itzulpengintzan ere aritu izan da: Antoine de Saint-Exuperyren ‘‘Printze txikia’’ eta ‘‘Mila gau eta bat gehiago’’ Mendebaldeko herrialdeetako ipuinen sorta ekarri ditu euskarara. Hain zuzen, Mendebaldeko munduko istorioak eta paisaiak maiz ageri dira bere idatzietan, eta immigrazioaren gaiak ere (bereziki Europa eta Afrika artekoak) presentzia nabaria du bere lanetan, afera hau haurren ulermenera moldatuz eta kontzientzia piztea bilatuz. 2001ean, esaterako, ‘‘Zikoinaren hegaldia’’ haur ikuskizunaren bidez, bi kontinenteon arteko muga lausotzeko ahalegina egin zuen: afrikar jatorria duten baina Europan bizi diren idazleen ipuinak hartu zituen oinarri, Europatik Marrakechera bidaiatzen duen zikoinaren bidaia irudikatzeko. Ikuskizunean, Iñigo Ramirez txelo-jotzailearekin batera aritu zen.

Argitaratu duen azken lana helduentzako eleberri bat da, ‘‘Sakonean, itsasoa ikusten da’’ (Txalaparta): XX. mende hasieran Venezuelara erbesteratu zen familia baten eskutik, garaiko euskal giroaren kronika egiten duen liburua da.