GARA Euskal Herriko egunkaria

Sumina handituz doa Dernako Udalaren eta Libia ekialdeko sasi-gobernuaren kontra

Hiriaren herena uholdeak eraman ostean, Dernan ez da giro. Alkatearen etxea erre dute, baina haserrea gorago doa, Tripoliko Gobernuari desafio egiten dion Libia ekialdeko Exekutiboraino.

Jendea Al-Sahaba meskitan bildu zen protesta egiteko. (Hussam AHMED | AFP)

Derna hiriko (ekialdea) milaka biztanle kalera atera ziren herenegun gauean, Khalifa Haftar mariskalaren agintepean Libiako ekialdea «gobernatzen duen» Tobrukeko Parlamentuaren aurka.

«Libia, batasun nazionala. Ekialdea edo mendebaldea, libiarrak anaiak dira eta ez dago ezberdintasunik!», oihukatu zuten Martirien Plazan bilduta; Aquila Salah Parlamentuko presidentearen dimisioa exijitu zuten, hamabi urteko gatazkaren ostean herrialdearen bateratze prozesua oztopatzea leporatzen baitiote.

«Jainko bakarra besterik ez dago eta Aquila jainkoaren etsaia da», oihukatu zuten manifestariek Al-Sahabako meskitaren sabaira igota.

Izan ere, Tobrukeko Parlamentua ez zen bildu uholdeek hiriaren zati handi bat urpetu eta hiru egunera arte.

Manifestari talde batek hiriko alkate Abdulmenam al Gaiziren etxebizitzari sua eman zion. Alkateak ziurtatu zuen, herrialdeko krisi politikoaren ondorioz, presa 2008tik mantentze lanik gabe zegoela -ibaian gora zegoen beste bat uraren presioaren ondorioz erori eta gutxira lehertu zen-. Bide batez, hildakoak 20.000 izan zitezkeela esan zuen; NBEk, aldiz, kopurua 4.000ra mugatu du.

ARDURA SAIHESTU

Tobrukeko Gobernuak udal talde osoa kargutik kendu du eta delitua leporatu die, bere erantzukizuna ezkutatzeko.

«Duela bi urte, presa erdiraino ere beteta ez zegoenean urak gainezka egiten zuen eta konpontzeko eskatu zitzaien udalari eta gobernuari, eta ez dute ezer egin», esan du Abdelqader al-Omranik Bengaziko ospitale bateko ohetik. Arduradunek «jakinaren gainean egonda erail gaituzte».

Manifestariek arduragabekeriagatik ikerketa abiaraztea exijitzen dute eta etxerik gabe geratu diren 40.000 biztanleentzako laguntza. Hiriaren herena desagertu da, 2.200 eraikin. Bide batez, errepide nagusi batzuk blokeatuta daude eta sare elektrikoak eta oinarrizko beste hornidura batzuek etenda jarraitzen dute.