GARA Euskal Herriko egunkaria

Boto esleipenean irregulartasunak salatu ditu EH Bildu Donostiak

Donostiako Ekialdeko barrutiko lau mahaietako botoak ez ziren araudiaren arabera zenbatu maiatzaren 28ko hauteskundeen ondotik, eta horrek emaitzak aldatu zituen. EH Bilduk irregulartasunen inguruan ohartarazi zuen, eta EAJk erantzun zuen hauteskunde prozesuak «funtzionatzeko modu arruntari» jarraitu diola.

Juan Karlos Izagirre, EH Bilduko zinegotziekin batera, atzoko prentsaurrekoan. (Maialen ANDRES | FOKU)

EH Bilduk atzo jakinarazi zuenez, irregulartasunak izan dira Donostiako Ekialdeko barrutiko hauteskundeen ondoko eraketan; izan ere, barruti horretako lau mahaietako botoak ez ziren araudiaren arabera zenbatu. Hain zuzen, mahai horietan boto gehien jaso zituen zerrenda koalizio abertzalearena izan zen.

Asteartean konfirmatu zuen Udaleko Idazkaritza Juridikoak eta atzo egin zuen publiko EH Bilduk: maiatzaren 28ko udal hauteskundeen ostean eman ziren emaitzak okerrak ziren. Abuztuan jakinarazi ziren emaitza horien arabera, PSEk irabazi zuen Altza, Bidebieta eta Intxaurrondo auzoak hartzen dituen barrutian, 4.854 botorekin, eta EH Bildu izan zen bigarren indarra 4.830 botorekin. Modu horretara, PSEk hiru ordezkari izango lituzke Ekialdeko Barrutiko Batzordean, eta koalizio subiranistak, bi.

Alabaina, Juan Karlos Izagirrek zuzendutako taldeak egiaztatu du araudiak ezartzen duen kontaketatik kanpo utzi zirela Ekialdeko barrutiko mahaietako bi. «Hauteskunde iruzurra» aipatu zuten.

Zehazki, EH Bilduk esan zuen Administrazioaren legeko 14.1 artikuluaren gainean 2020an onartutako aldaketa bat urratu zela. Barruti bakoitzari dagozkion ordezkariak (bederatzi, Ekialdearen kasuan) hautatzeko formula zehazten du artikulu horrek eta, dio, ordezkariak «barrutiko eremu geografikoan guztiz edo partzialki sartzen diren errolda sekzioetan lortu duten boto kopuruaren proportzioan» izendatuko direla.

EH BILDUK IRABAZI ZUEN

Araudia ez zen bete eta horrek emaitza aldatu zuen, EH Bilduk irabazi baitzuen Ekialdeko barrutian. 5.276 boto lortu zituen (eta ez 4.830) eta PSE bigarren izan zen 5.118 botorekin (eta ez 4.854). Atzetik ziren EAJ 4.619 botorekin (eta ez 4.245), Elkarrekin Donostia 1.846 botorekin (eta ez 1.769) eta PP 1.658 botorekin (eta ez 1.455).

Emaitza zuzenekin, EH Bilduri hiru ordezkari dagozkio Ekialdeko Barrutiko Batzordean, baina PSE eta EAJri eta Elkarrekin Donostia eta PPri, bana. Gainera, Eneko Goia alkateak aurreratu zuen PSEri emango ziola barruti horretako lehendakaritza, zerrenda bozkatuena zelako; beraz, irizpide horri eutsiko badio, kargu hori EH Bilduko kide bati proposatuko lioke. Eta talde subiranistak badu hautagaia: Garbiñe Alkiza, azken legegintzaldian Batzordeko kide izan zena.

AZALPENAK ETA ARDURAK

«Udaletxe honetan gertatutako irregulartasuna eta, honenbestez, izan daitekeen hauteskunde iruzur saiakera bat salatu nahi dugu EH Bilduko udal taldetik. Larria da oso, eta gure eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu gertatutakoak argitu eta ardurak eskatzeko», agertu zuen Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileak, taldeko gainontzeko zinegotziekin batera eman zuen prentsaurrekoan.

Azalpenak eta ardurak eskatzeaz gain, Donostiako alkateari ere zuzendu zitzaion Izagirre, exijitzeko, errespeta ditzala emaitza zuzenak eta berma dezala proportzionaltasuna Ekialdeko barrutiko ordezkaritza osatzeko orduan. «Hau da, bete dezala araudia», laburtu zuen EH Bilduren bozeramaileak.

Zentzu honetan, Goiari esan zion bertan behera utz dezala Batzordea zuzentzeko PSEri luzatu zion proposamena, eta utz diezaiola kargu hori EH Bilduri, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako zerrenda bozkatuena denez gero.

FUNTZIONAMENDU «NORMALA»

EAJren udal-taldeak azalpenak eman zituen ohar baten bidez. Onartu zuen botoen esleipenean akatsa egon zela, baina zehaztu zuen Ekialdeko barrutian gertatutakoa «hauteskunde-prozesuaren funtzionamendu normala» baino ez dela. «Indar politikoek erabaki batzuk aurkaratzen dituzte, berrikusi egiten dira eta, bidezkoa baldin bada, onartu egiten dira, oraingo honetan gertatu den bezala», argitu zuen. Bestalde, «taktika ‘trumpistak’» erabiltzea leporatu zion EAJk EH Bilduri.