GARA Euskal Herriko egunkaria

«Erraza da» sortu dute, merkatariek euskarazko hiztegia ikasteko app-a

Merkatariei eta ostalariei zuzenduta egon arren, edonork erabil dezake «Erraza da» aplikazioa, euskarazko oinarrizko hiztegia ikasteko Lakuak eta Donostiako Udalak abian jarritako proiektua. Android eta IOS sistemetan deskargatu daiteke.

Atzo aurkeztu zuten aplikazioa Donostian. (DONOSTIAKO UDALA)

Euskarazko oinarrizko hiztegia ikastea errazteko, Lakuako Gobernuak eta Donostiako Udalak ‘‘Erraza da’’ app-a sortu dute, bereziki merkatarientzako eta ostalarientzako baliabideak eskaintzen dituena. Donostiak jarri zuen martxan 2019an, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoara zabaldu nahi dute orain. Atzo aurkeztu zuten.

Aplikazioak bi hiztegi jasotzen ditu, orokorra eta ostalaritzari dagokiona; eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu. Aurrerantzean ostalaritzako langileei ez ezik, beste sektore batzuetako beharginei ere zabaltzeko asmoa dute.

Android eta IOSerako dago eskuragarri. Zein sektoretako hiztegia landu nahi duen galdetuko zaio erabiltzaileari eta sektore horretako hiztegiaren eduki berri bat izango du egunero, eta irakurri eta entzuteko aukera izango du.

Hiruzpalau egunetan, edukiak ikusi ondoren, galdetegi bat izango du erabiltzaileak. Hala ere, bistaratutako edukiak edozein momentutan ikus daitezke, baita osatutako galdetegiak berriro egin ere. Baina ezin da egunean eduki berri bat baino gehiago ikusi. Aplikazioak taldeak sortzeko aukera ere eskaintzen du, lagun eta lankideekin aurrerapena konparatzeko.