GARA Euskal Herriko egunkaria

Siriako Al-Assad presidentea hartu du Txinak, herrialdea berreraikitzeko diru bila joanda

Al-Assad eta bere emaztea, Asma, Pekinera iritsitakoan. (Sanaa | AFP)

Baxar al Assad Siriako presidentea Txinara iritsi zen atzo, 2011n herrialde arabiarrean gerra piztu zenetik Asiako erraldoiari egin dion lehen bisita ofizialean. Xi Jinping Txinako agintari gorenak gonbidatuta, berarekin bilduko da egunotan.

Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi zuenez, «Al-Assaden bisitak elkarrenganako konfiantza politikoa eta aldebiko lankidetza areagotuko ditu hainbat alorretan».

Nazioartean isolatuta, Damaskoko erregimeneko agintaria herrialdea berreraikitzeko diru-funtsak lortu nahian ari da, gerra odoltsu baten ostean. Gerra horrek azpiegitura ugari suntsitu ditu eta hainbat sektore ekonomiko ezerezean utzi ditu.

Txina Assad dinastiaren aliatuen artean dago, eta, besteak beste, NBEren Segurtasun Kontseiluan babesa eman dio, erregimenaren gehiegikeriak salatu dituzten ebazpenen bozketetan aldiro abstenituz.

«Bisita hau Siriako isolamendu diplomatikoaren haustura garrantzitsua da», adierazi du Damaskotik Osama Dannoura politologoak.

Siriak bere egin zuen Txinaren Zeta Ibilbide berria, baina Pekinek ez du orain arte bertara proiektu zehatzik bideratu, segurtasun arloan herrialdeak dituen gabeziak argudiatuz.