GARA Euskal Herriko egunkaria

EMAKUMEEN SASKIBALOI LIGA, ESKAILERAN GORANTZ JARRAITZEKO BIDEAREN BILA

Valencia Basket eta Zaragoza dira Ligako eta Kopako egungo txapeldunak; Girona eta Perfumerias Avenidak gailurrera itzuli nahi dute. Horren aurrean, Lointek Gernika Bizkaiak, Kutxabank Araskik eta IDK Euskotrenek ez dute atzean geratu nahi, aldaketa mordoa eta lehiaketa oso estuak izango direla jakin arren.

Lara Gonzalez, pasa den asteburuko Euskal Kopan. Aldaketa asko egin ditu IDK Euskotrenek, baina agian garrantzitsuena Lara Gonzalez eta Gracia Alonso euskaldunek ematen dieten indarra eta sen borrokalaria izango da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Urtero ikusten da Emakumeen Endesa Liga gorantz doala eta goian mantentzea beti asko kostatzen dela». Ados daude bai Madelen Urieta Kutxabank Araski taldeko entrenatzailea, eta baita Lucas Fernandez, Anna Montañana eta Mario Lopezen lekukoa hartuta, Lointek Gernika Bizkaia zuzendu behar duen teknikaria ere. Hori horrela bada, IDK Euskotrenekin batera, hiru euskal taldeek azken aldian bete ohi duten bigarren eskailera maila horretan jarraitzea ere ez da gauza samurra; are gutxiago gorenerantz pausoa ematen ahalegintzea, 2023/24 denboraldia hastear den honetan.

Zalantzarik gabe, euskal taldeen artean fitxaketa deigarrienak IDK Euskotrenek egin ditu. Ez bakarrik Euskal Kopa bigarren urtez segidan irabazteko Lointek Gernikari 31 puntu sartu zizkion Erin Whalen fitxatu duelako, ezta Belgikako selekzioarekin Europako txapeldun geratu berri den Becky Massey Donostiara iritsi delako ere; Zaragozarekin Kopa irabazteko sekulako garrantzia izan zuten Lara Gonzalez donostiarra eta Gracia Alonso de Armiño bilbotarra Azu Muguruzak bereganatu dituelako baizik.

«Defentsa Ministroa» ezizena irabazi zuen Gracia Alonsok Zaragozan, eta Kopako finala irabazteko ezinbestekoa izan zen bilbotarraren ekina, are gehiago epaileek Vega Gimeno egotzi eta gero. «Taldeak behar ninduela ikusi dut eta ez dakit zer den, baina zerbait esnatu da nire barnean taldeari lagundu ahal izateko», adierazi zuen hegaleko bizkaitarrak.

Lara Gonzalezek Zaragozan bi denboraldi egin ditu eta etxera itzultzea erabaki du, erabaki garrantzitsua Azu Muguruzak zuzentzen duen taldearentzat, iaztik hona bi jokalarik baino ez baitute jarraitzen; Maria España eta Yurena Diaz kapitainek.

Hala, Lara Gonzalez eta Gracia Alonso jokalariak ekartzea ez da Azu Muguruzak taldearen aurkezpenean adierazitako «talde borrokalaria eta moldakorra» osatzeko bi osagai gehiago ekartzea bakarrik, talde eraberritu bat osatzeko beti aipatzen den «kimika» hori sortzeko ezinbestekoak izango baitira biak ala biak; iaz ikusi baitzen talentua beti ez dela aski.

LUZERA BEGIRA

Ohikoa den moduan, Emakumeen Endesa Liga gaur hasiko bada ere, kostako da jarraitutasunik hartzea. Alegia, gaur jokatuko dute hiru euskal taldeek, eta hirurek etxean: Benbibre izango du aurkari IDK Euskotrenek 18.00etan; 18.30ean jokatuko du Gernikak Ensinoren aurka, eta 19.00etan, berriz, Ferrol hartuko du Kutxabank Araskik Mendizorrotzan.

Baina hurrengo asteburuan, berriz, jai izango dute, Superkopa jokatuko baita Kanaria Handiaren pistan, irailaren 30eko eta urriaren 1eko asteburuan. Horrez gain, otsailaren 4tik 12ra Olinpiar Jokoetarako sailkatze torneoa jokatuko da, eta Liga eten egingo da. Hori gutxi ez, eta Kopa asko atzeratu da: martxoaren 21etik 24ra izango da; hau da, Ligako play-offak jokatu baino soilik hilabete bat lehenago.

Lucas Fernandez entrenatzaileak arnasa hartzen du hori guztia jakinda. «Hasierako geldialdi honek balioko digu gero taldea indartzen joateko», azpimarratu du. «Gure mailarik onena oraindik urruti dago, baina hasteko prest gaude. Horretarako balio du denboraldiaurreak», berresten du, bestalde, saskibaloira itzultzea erabaki duen Angie Bjorklund estatubatuarrak.

«Emaitzak ez dira onak izan denboraldiaurrean», gaineratu du Melisa Gretter Kutxabank Araskik aurten egin duen fitxaketa garrantzitsuenetako batek -Tamara Seda, Laura Aliaga, Brittany Brewer, Samantha Holliday eta Marta Hermida ere iritsi dira Gasteiza-. «Sentsazioak emaitzak baino askoz hobeak izan dira, baina oraindik jarraitutasuna falta zaigu».

FABORITOAK BETI FABORITO

Valencia Basket da egungo Liga txapelduna, eta iaz ez bezala, Bec Allen australiarra berehala Valentzian izango da, WNBAko lanak amaitzen dituenean. Perfumerias Avenidak Roberto Iñiguez entrenatzaile gasteiztarra galdu zuen pasa den denboraldian, eta hala ere, Kopako eta Ligako finaletara sailkatu zen. Aurten, Maite Cazorla gabe, Laura Gil eta Sika Kone lako bi izarrekin, barruko jokoa indartu dute.

Gironak iaz lesioekin ez zuen zorterik izan. Laura Antoja entrenatzaileak Kelsey Mitchell, Regan Magarity edo Marianne Tolo lako jokalariekin, talde aparta jantzi du aurten. Basket Zaragozak, bestalde, Leonie Fiebich iazko MVPa mantendu du, eta Euroliga eta Ligako lanak uztartzen asmatu beharko badute ere, aurkariak argi ibili beharko dira Tanaya Atkinson Araskiko izar ohiarekin, Aleksa Gulberekin eta Nerea Hermosa pibot gasteiztarrarekin.

Horiek laurak dira Emakumeen Endesa Ligan gailendu beharko liratekeenak. Eskailera maila bat beherago beharko lukete euskal taldeek, lesioekin eta fitxaketekin asmatuz gero. «Hamar urte daramagu elitean eta badakigu zer datorkigun», esan du asteon Gerardo Candina Lointek Gernikako presidenteak, eta astebete aurretik, baita Azu Muguruzak ere. Zailtasunak zailtasun, zergatik ez, orduan, baikor izan.