GARA Euskal Herriko egunkaria

«Kalak», aurrera egiteko lekualdatzea aski ez denean

“Kalak” filmaren estreinaldia, atzo. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Groenlandiar zikina» esan nahi du «Kalak» kontzeptuak bertako hizkuntzan, eta halaxe deitzen diote filmeko protagonista Jan-i (Emil Johnsen), familiarekin bizitzera hara joaten denean. Bere buruaz ihes egiten dabilen pertsonaia da Jan, aitak egindako sexu abusuak isilpean eraman ondoren, gustuko ez duen norbait bilakatzen ari den bitartean.

Erantzukizunak hartzearen inguruko hausnarketa proposatzen du filmak. Beraiena ez den herrialde batean integratu nahi du Janen familiak, batetik; bestetik, bikote harreman irekia duten gurasoak dira eta erantzukizun afektiborik ez du senarrak; azkenik, aita gaixotzen zaio eta gutunak ez irekitzea erabakitzen du. Jan hezur-haragizko bihurtu du Johnsenek: «Maita dezake norbaitek Jan? Bera beti dabil maitasun bila, baina bere buruari ez dio inongo mugarik jartzen». Ez mugarik, ezta ardurarik ere.

ABIAPUNTUA ETA TRESNA

Proiekzioaren ondorengo prentsaurrekoan elkartu ziren Isabella Eklöf zuzendari eta gidoilaria, Kim Leine idazle eta gidoilaria, Emil Johnsen eta Berda Larsen aktoreak. Filmaren izenburu bera duen Leinen liburua (2007) hartu zuen Eklöfek abiapuntutzat filmaren gidoia idazten hasteko; eta Leine bera izan du gidoia idazterakoan laguntzaile. «Nire liburua Isabellentzat tresna bat izan zen, baina berea da filma», kontatu zuen Leinek.

Eleberrirako bere istorio propioa izan zuen abiapuntu idazleak, baina filma ez dela bere bizitzaren ingurukoa argitu du. Pertsonaia nagusitik abiatuta, berarekin harremana dutenen istorioak gordetzen ditu filmak, «askoz interesgarriagoa da hain zoragarriak ez diren gauzak arakatzea», esan zuen zuzendariak, eta «espero gabeko leku horiek bilatzen» dibertitzen dela aitortu zuen. «Gustatzen zait espektatiben aurka jokatzea, Hollywoodeko dramaturgia sartu digute buruan, eta hor badakigu zer gertatuko den, aspergarria da».