GARA Euskal Herriko egunkaria
KARAKORUM

Subirana eta Masek Latok Thumb mendiaren lehen igoera lortu dute

Alpinista katalanek, bigarren bidaian, aukera izan dute ’Atraccio instintiva’ bidea (7a arriskutsua, A2+, M5, 1.100) bukatzeko. Bi espedizio horietan 30 egun igaro dituzte paretan zintzilikatuta.


 

Joan den abuztuan, Marc Subirana eta Miquel Mas katalanek iaz hasitako proiektua biribiltzeko aukera izan zuten. Bi espedizio horiek eman duten emaitzari dagokionez, aurreratu behar dugu bikaina baino bikainagoa izan dela. Batetik, alpinistok gai izan direlako Latok Thumb izeneko mendia lehen aldiz igotzeko. Eta bigarrenik, 6.380 metrora dagoen gailur hori zapaldu ahal izateko, 1.100 metroko bide gogorra sortu dutelako: “Atraccio instintiva” (7a arriskutsua, A2+ eta M5).

Irakurtzen den bezala, Subiranak eta Masek ondo baino hobeto uztartu dituzte zailtasuna eta konpromisoa. Ez da batere erraza izan arrakasta hori lortzea; izan ere, helburua biribiltzeko bi urte behar izan dituzte. Iazko bidaian, adibidez, hamabi egun egin zituzten horman zintzilikatuta. Iragan hilabetean, berriz, beste hemezortzi.

Sinatu berri duten goi mailako jarduera kokatu ahal izateko, protagonistok GARAri aurreratu diote helburu nagusia igo gabe zegoen mendi bat eskalatzea zela: «Alpinismoaren esentziara itzultzea gustuko dugu. Zapalduta ez dagoen tontor bat bilatzen dugu, teknikoki zaila dena eta haren inguruan informazio gutxi dagoena. Hortik aurrera, biok ala biok egiten dugun gauza bakarra da ibilbide bat marraztea. Latok Thumb mendiak (Latok II ere deitzen zaio) aurreikusitako guztia betetzen zuen. Latok multzoan dago; hots, Karakorumeko inguru basatienetarikoan. 1.000 metro luze da horma. Eta kilometro hori erabat bertikala da. Arroka nagusi da, baina hasieran mistoa du, eta amaieran izotzezko luze batzuk. Hitz batean esanda, Yosemiteko Kapitain hormatzarrarekin antz handia du, baina askoz ere garaiera handiagoan dago».

Izaera horretako ia espedizio gehienek bezala, katalanenak ere urte batzuetako prozesua izan du. Subiranak aurreratu du Masek Latok-eko xede hori proposatu ziola, baina erantzun zion garai horretan handiegia iruditu zitzaiola: «Duela pare bat urte, Izenik Gabeko Dorrean (Karakorum) dagoen “Eternal Flame” eskalatu genuen. Hurrengo urterako, berriz, biok ala biok adostu genuen Latok-era joango ginela. Esku artean genuen informazioaren arabera, Latok Thumb igo gabe zegoen, batez ere guk igotako hegoaldeko isuritik».

Iazko lehen bidaian, kanpaleku nagusia antolatu ondoren, ordu asko eskatu zien lan garrantzitsu bat hasi zuten: eskalatu behar zuten murrua ondo aztertu, zati agerikoenak zein seguruenak bilatu, elur-jausien eta luizien ordutegia ondo zehaztu, hormatzarren oinarrira tresneria guztia garraiatu...

Estrategia guztia ondo zehaztu ondoren, lehen urratsak egiten hasi ziren. 4.470 metrora kanpaleku nagusia altxatu zuten; aurreratua, berriz, 4.950 metrora. 400 metroko korridore bat (70º) igo eta 5.300 metrora, hormaren oinarrian, lehen bilera atondu zuten: «Saltsa guztia hor hasi zen. Kilometro bat genuen aurretik, eta onartu behar dugu zailtasunean oso iraunkorra dela. Gainera, kontuan hartu behar da soilik bi laguneko sokada bat osatu dugula. Lehen sekzioan izotza eta mistoa nagusitu ziren. 300 metro horietan, gehienez, M5 mailako luzeak gainditu genituen. Seigarren bilerara iritsi ginen. Hortik aurrera pareta oso tente jartzen da, eta puntu horretan, hamaka batekin lehen kanpalekua antolatu genuen. 5.550 metrora ginen. Denera, hamalau luze zabaltzeko gai izan ginen honako zailtasunekin: 7a arriskutsua eta A2+».

BIGARRENEAN

Hamabi egun paretan egon ondoren, eguraldi gaiztoak bisita egin zien. Erabakia argi zegoen: etxera itzultzea. Gainera, katalanek aipatu dutenez, aurretik zituzten metroek oso zailak ziruditen: «Eroria zuen sekzio bat, hainbat sabai zailekin, gainditu behar zen. Horretaz gain, zati horren gainetik beste kanpaleku bat jarri behar genuen; izan ere, ura urtzeko elurra behar genuen. Zoritxarrez, eguraldia erabat trakestu zen, eta lehen kanpaleku horretan tresneria astunena utzi genuen: hamaka, sokak, friendak… Jakina, aurten erabili ahal izateko».

Lehen ekinaldiaren ondoren, etxera itzuli eta denbora izan dute eginiko lana aztertzeko eta bigarren bidaia ondo prestatzeko. Iragan uztailean itzuli ziren Latok Thumb mendira. Berrogei eguneko espedizioa aurreikusi zuten, eta kanpaleku nagusian sukaldariarekin eta haren laguntzailearekin bakar-bakarrik zeuden.

Girora egokitu ondoren, Subirana eta Mas prest ziren bigarren ekinaldirako. Iaz horman antolatutako lehen kanpalekura igo baino lehen, arreta handiarekin korridore arriskutsua gainditu behar zuten: «Bagenekien goizeko bederatzietatik aurrera ezin ginela 400 metroko kanal horretan sartu. Batez ere, elurroldeak eta luiziak saihestu behar genituelako».

Korridore arriskutsu hori gainditu ostean, murru bertikalean sartu ziren. Protagonistok azaldu dute egunero bost orduko eskalada egiten zutela: «Goizeko hamaiketatik aurrera eguzkia agertzen zen; eta sartu, berriz, arratsaldeko lauretan. Bost ordu horietan tenperatura nahiko atsegina zen. Baina eguzkia ezkutatzen zenean, hotz handia egiten zuen. Ordu horretan hamakan sartzen ginen. Egoera horrek asko mugatzen zituen ordutegiak, eta, hortaz, gure erritmoa mantsotzen zuen».

Baina pixkanaka bada ere, iaz igotako puntu garaienera heldu ziren. Aurretik zutena guztiz berria zen. Eroria zuen sekzioan sabai zail batzuk zain zituzten: «Bigarren kanpalekua 6.030 metrora (hemeretzigarren bilera) jarri genuen. Azken hiru egunak oso gogorrak izan ziren, baina, zorionez, abuztuaren 18an, 18.30ean, gailurra erdietsi genuen. Ibilbide horretan mistoa, arroka eta izotza nagusi izan ziren. Jaitsiera bide beretik egin genuen; denera, bi egun egin genituen 1.100 metro horiek eta 31 luze rappel egiten. Hemezortzi eguneko lana izan zen “Atraccio institiva” bukatu ahal izateraino egindakoa. Igo gabe zegoen mendiari Latok Thumb deitu diogu».

Katalanek bi bidaia behar izan dituzte goi mailako aktibitate hori egin ahal izateko. Onartu dute asko eskatu diela, oso gogorra izan dela, baina merezi izan duela. Alabaina, hausnarketaren inguruan, iritzi ezberdinak daude. Subiranak, adibidez, honakoa esan du: «Miquel oso pozik dago lortu dugunarekin, baina nik ez dakit bizi izan dugun arriskua onartzeak merezi duen. Poztasun handia hartu dut Miquel eta biok etxera onik iritsi garelako. Miquelek datorren urterako beste proiektu bat proposatu dit: berriro Karakorumera. Latok Thumb-eko espedizioa baino lasaiagoa bada, orduan bat egingo dut».