GARA
DONOSTIA

Martin Aramendi izango da UEMAko lehendakaria

Agintaldiko lehen batzar nagusia egin zuen atzo UEMAk. Martin Aramendi izango da lehendakari, eta Irune Urbieta lehendakariorde.

Martin Aramendi Ataungo alkatea hautatu zuten larunbatean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari. Batzarkideek agintaldiko lehen bilera egin zuten Ataunen bertan, eta zuzendaritza batzordea osatuko duten kideak aukeratu zituzten. Irune Urbieta Zarauzko zinegotzia izango da lehendakariordea.

Kargua ilusioz eta lanerako gogoz hartu zuen Aramendik, «euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua» delako.

Euskararen biziberritzean «urrats sendoak» egiteko agintaldia dela azaldu, eta ezinbestekotzat jo zituen «adostasuna eta konpromisoa».

Zentzu horretan, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana azpimarratu zuen.

UEMAk dituen erronka berriak ere hizpide izan zituen: «Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dioten egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko».

Horretarako, udalerrien eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla aipatuta, «ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko».

ZUZENDARITZA BERRIA

Honakoa izango da UEMAren zuzendaritza batzordea: Dabid Anaut Peña (Leitzako alkatea. EH Bildu), Eneko Fernandez Maritxalar (Lesakako zinegotzia. EH Bildu), Ainara Ipiñazar Miranda (Igorreko zinegotzia. EAJ), Iratxe Lasa Arana (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu), Aitor Larrañaga Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu), Asier Mingo Arruabarrena (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu), Idoia Odriozola Arruti (Etxebarriako zinegotzia. EAJ), Irati Urberuaga Aranguena (Aulestiko alkatea. EH Bildu).