GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Gaztetu bat hartuta amaitu dute Ezkurdiak eta Rezustak ferien sasoia

Zazpi urte beranduago, Logroñoko feria eskuratu dute, final borrokatu batean Zabala eta Zabaletari 22-16 gailenduta. Atzelarien jokoa nagusitu zen lehia batean, bergararrak eraman zuen pilotaririk onenaren saria, kolpean freskotasuna berreskuratuta.

Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta, pozarren, euren udako bigarren torneoarekin. (ASPE PELOTA)

Agenda beteta eta entrenatzeko astirik gabe, uda izaten da pilotarientzat urteko sasoirik gogorrena, baina Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezustaren kasuan, bertatik gaztetu bat hartuta irten direla esan genezake, ferien sasoia hasi baino hobeto eta, batez ere freskoago, amaitu dutelako. Zabala-Zabaletari 22-16 gailenduta, arbizuarrak eta bergararrak, zazpi urte geroago, Logroñoko torneoa irabazi dute, eta ez agian garai hartako distirarekin, baina aspaldiko sasoirik onenean eman diote ongietorria udazkenari.

Aurreko koadroetako joko nahasia inon baino gehiago estimatzen dute Logroñon eta Errioxan, eta, alde horretatik, bi aldiz desengainaturik irten dira bertako zaleak, indarrez eta abiaduraz, atzean jokatutako finala izan zelako atzokoa -materiala ere horretarako zegoen-, eta Javi Zabalak, bere lehen finalean, ezin izan zuelako garaipena etxean utzi.

Baina atzelarien jokoarekin gozatzen dakiten pilotazaleek ederki gozatu ahal izan zuten azken hamarkadako bi jotzailerik handienen jardunarekin. Eta lehia horretan, nabarmentzekoa izan zen Beñat Rezustaren lana, bere mailara itzuli den Jose Javier Zabaletari eusteko gai izateaz harago, tarteka bizkarra erakusteko gai ere izan baitzen. Izan ditu azken urteetan makalago ibili den garaiak ezkerrak, baina aspaldiko freskura berreskuratzen ari dela dirudi, 4-2koan jotako errebote latza tarteko. Uda Iruñean Altunarekin irabazita hasi zuen bergararrak, eta amaitu, Ezkurdiarekin Logroñokoa irabaziz amaitu du, protagonismo handiagoarekin Errioxa aldean.

Joseba Ezkurdiaren kasuan nabarmena da udak aurrera egin ahala galdua zuen inspirazioa berreskuratzen ari dela. Atzokoa ez zuen errematerako egunik aproposena izan, baina kantxan beste oldarkortasun eta konfiantza bat antzematen zaio, kaiolako txapelari eusteko beharko dituenak, hain justu.

Baina ligaxkako bi partidetan bezala, garaipena lehiakortasunak eman zien. Berme osoko bikotea osatzen dute, elkar ondo elikatzen dute, eta galdutako pilotetan egon zen partidaren parte handi bat.

Izan ere, Zabalak eta Zabaletak bikoiztu egin zituzten arbizuarrak eta bergararrak egindakoak, eta hori alde handia da goi mailako lehietan. Bikain ekin zion Logroñoko aurrelariak partidari bi tanto on eginda, baina ostiralarekin alderatuta, askoz aukera gutxiago izan zituen, eta gantxoa gurutzatzerakoan ere ez zen horren eraginkor aritu. Zabaleta ere ez zen maila horretan aritu.