Jon GARMENDIA
Idazlea

Irria

Egunak iluntzen hasten direnean, edo udazkeneko arratsak goizago datozelarik, liburu baten konpainia edo film batena, zein dudan nahiago galdetu didazu. Denbora librea nahi dudala erantzun diot ene buruari, aspaldi ez dakidala hori zer den eta. Baina halako galderari noizbait erantzuna eman diodala oroitu dut, eta noski, galdera berari erantzun desberdina eman diezaiokedala ere bai, denborarekin. Triste nagoenean, orduan zer nahiago dudan, liburua ala filma; zehaztu egin duzu azkenean. Triste nagoenean irria nahi dudala, eta hori dela bizitzako konturik zailena, drama edonork sortzen duela, edonoiz sortzen dela. Zinemaldia Donostian, Latinoamerikako zinemaren edizio berri bat Biarritzen, ipar edo hego badela nora jo entretenimendu eta hausnarketa bila, eta Durango ate joka, sorkuntza berriak prest. Horregatik jo dut bertsoetara, umorea maiz aurkitzen baitut han, eta irri egitea zein beharrezko zaidan oroitu dut Xalbadorri txapelketan bat-batean etorri zitzaizkion bi bertsoetan gaia irria izanda: «Geure izakera gordetzen degu gizasemek gehienetan; arrazoirikan ez izanda're iduri dugu penetan. Oi, irria, zu bizi huntako beharra zira benetan; sor dakigula maiz irri hori beti gure ezpainetan» zioen lehenak. Eta hauxe bigarrenak: «Irria beti ez ditaikela bihotz barnetikan egin; gogorik ez balin bada ere hori egin daike berdin. Nahiz irria gezurra izan eta berari eman min, bederen beti eginen dautzu bere inguruan atsegin».