GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
martin aramendi
UEMAko lehendakari berria

«Arnasguneetan euskaldunen tipologia aldatu da; ezin da politika bakarra egin»

Martin Aramendi UEMAko lehendakari izendatu zuten larunbatean, Ataunen ospatutako batzar nagusian. Datozen lau urteetan mankomunitateak izango dituen erronka nagusiak aletu zituen atzo NAIZ irratian. Euskararen aurkako oldarraldi judizialarekiko kezkak bere horretan jarraitzen duela azaldu zuen, gainera.

(Maialen ANDRES | FOKU)

 

Erronka faltarik ez da udalerri euskaldunetan. Baina gogoz ekin al diozu lehendakaritzari?

Bai, noski. UEMA asko sendotu da azken urteotan. Aitzindari ez ezik, eredugarria ere bada bere esparruan. Nik lehendik ere kanpotik ezagutzen nuen UEMA, eta, azken urteotan Ataungo alkate izanik, batzarretan eta proiektuetan gehixeago parte hartu dut. Ikusi dut zein lan eta zenbat lan egiten duen. Gustatzen zaidan lana da, eta gogoz heldu diot.

Abenduan Zeanuri batuko da UEMAra eta, modu horretan, 102 herrik osatuko dute mankomunitatea. Zein dira datozen lau urteetarako finkatutako lan ildoak?

Lehenengo helburuetako bat lurgune hori sendotzea eta zabaltzea izango da. Orain Zeanuri batuko zaigu, eta beste udalerri batzuk ere asmoa adierazi digute. Zenbat eta gehiago izan, sendoagoa izango da UEMA, eta baita bere proiektua ere. Horrekin batera, datozen lau urteetan euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren neurriak hartu nahi ditugu. Urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek.

Ikusi dugu euskaldunen tipologia aldatzen ari dela herrietan eta arnasguneetan. Iruditzen zaigu ezin dela politika bat eta bera aplikatu herri horietan guztietan. Komeni da tokian toki azterketak egin eta argazki zehatz bat edukitzea, eta, horren arabera, toki horretarako egokiak diren neurriak eta baliabideak prestatzea. Azken hori ere helburu garrantzitsua izango da.

Horrek badu erabilera datuekin loturarik. Zentzu horretan, non identifikatu dituzue hutsune edo erronka nagusiak?

Hor gertatzen dena da gure herrietan gero eta jende gehiago dagoela eskolan edo etxetik kanpo euskalduntzen dena. Horrek esan nahi du ondoren etxean normalean gazteleraz egiten duela. Horri buelta eman nahi diogu. Froga pilotua egin zen Zaldibian. Jatorri desberdineko familia asko daude eskolan, eta oso proiektu polita gauzatu da. Proiektu hori bera dagoeneko beste herri batzuetan martxan jartzeko lan egiten ari gara. Kanpotik datozen familia horiei euskararen mundura sartzeko atea zabaldu, baliabideak eman eta bide hori arintzea da funtsa.

Uztailean UEMAko 125 alkatek eta hautetsik agerraldia egin zenuten Usurbilen, euskararen aurkako azken kolpe judizialari erantzuteko asmoz. Kezkak jarraitzen du UEMAn? Nola aurre egin?

Jarraitzen du, bai. Noizean behin, epaile bat agertu eta nahikoa da halako ebazpen bat urtetako lana hankaz gora jartzeko. Oraingoz berdin jarraitzeko asmoa dugu, eta nahi duguna da lege babesa ahalik sendoena izan dadila. Euskal mundua beti izango da zaurgarria edo hauskorra. Baina administrazio guztiok aurre egin behar diogu egoerari. Agerian utzi behar dugu euskaraz lan egiteko eskubidea dugula eta horrekin ez dugula inoren hizkuntz eskubideak urratzen.

Ataungo udalean ikusi dut badela jendea, ez asko, baina badela gure idatziak edo zerbitzuak gazteleraz jaso nahi dituena. Eta eskaintzen dizkiogu, ez dago arazorik. Horrek ez du esan nahi gure ekoizpen guztiak gazteleraz izan behar duenik. Urteetan egindako lana irauli eta hankaz gora jartzea litzateke eta. Hor benetako lege babesa behar dugu.

Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestazioa egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon. Han izango zarete?

Bai, noski. UEMA zein udal bezala. Hemen ere herriko elkarte batzuk esaten hasiak dira joango direla. Jentilen etorrera egitekoa zen egun horretan, esaterako, baina, manifestazioa dela-eta, eguna aldatu dute, Bilbon ahalik eta jende gehien batu dadin.

Martxoan Iruñeko Gobernuarekin hitzarmena sinatu zenuten, euskararen aldeko ekimenak laguntzeko. 300.000 euroko aurrekontua du eta abenduaren 31ra arte indarrean egongo da. Zein bide egin du akordio horrek eta zeintzuk dira aurreikuspenak legegintzaldi berriari begira?

Nafarroako Gobernuan aldaketak izan dira, eta orain Javier Arakama da Euskarabidearen zuzendaria. Badakit laster elkartzekoak garela. Uste dut orain arte emandako urratsen balorazioa egingo dugula eta aurrera begira hitzarmena berritu eta nola hobetu hitz egingo dugula, elkarrekin lanean jarraitzeko.

Zonifikazioaren aferak ika-mika sortu du gobernu akordioan. Nola aurre egin nahi dio UEMAk?

Kezkatzen gaituen gaia da. Zonifikazioaren gaia mahai gainean jarri beharko dugu, eta ahal dugun neurrian behintzat horri ere erantzun. Ez du zentzurik, eta uste dut hor bai urratzen direla Nafarroako hainbat eta hainbat euskaldunen hizkuntza eskubideak.