GARA Euskal Herriko egunkaria

Pandemia batek, yogak eta isiltasunek sortutako «leherketak»

«MMXX» pandemiak sortutako istorioetan eta talde lanean oinarritutako lau atalez osatutako filmak, «La práctica» yoga eta honek sortutako harremanak oinarri dituen komediak eta «Un silence» sekretu pozoitsuen inguruko filmak osatu zuten atzoko Sail Ofiziala.

«MMXX» filmeko lantaldea, atzo egindako aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

«Filmak trauma batetik ihes egiteko modua ekarri zuen, itxialdiaren ondorioz sortutako istorioak ekarri genituen» aitortu zuen Cristi Puiu zuzendari eta gidoilariak ‘MMXX’ filma aurkeztu osteko atzoko solasaldian. Ez da Donostiako Zinemaldian dagoen lehenengo aldia, oraingo filmarekin Sail Ofizialean.

Lau atalez osaturiko filma da, orotara 160 minutu irauten du, eta beraien artean duten lotura nabarmen bakarra, izenburuak dioen bezala, garaia da: 2020. urtea eta Covid-19ak eragindako pandemia. Filmean agertzen diren antzezle ia guztiak eta Puiu zuzendaria bera, zinema tailer batean elkartu ziren, eta tailer horretan landutakotik sortu da filma. Antzezleak beraiek izan dira gidoia idazten lagundu dutenak, zuzendariaren arabera tailerretan «asko hitz egin eta asko eztabaidatu» baitute. Dorion Boguta ekoizlearen hitzetan «erokeria bat izan zen, baina erokeria ederra».

Elkarrizketak eta plano-sekuentzia luzeak dira filmaren ezaugarri nagusiak, eta zuzendariak aitortu zuen ez zutela «modu kontziente» batean erabaki hori hala izatea: «Filma egitea ariketa bat egitea bezala hartu nuen, eskolara zoazenean bezala». Eta hori dela-eta joan ziren pixkanaka denen artean eraikitzen: «Gustuko ditut plano-sekuentzia luzeak, baina batez ere bizitza errealean aurki ditzakedalako ditut gustuko. Begirada distortsionatzen ez duten planoak egiten ditut».

Hitzen garrantziaz galdetuta, irmo erantzun zuen Puiuk: «Hitzak garrantzitsuak dira, eta kito». Pandemian gertatutako edota pandemia ostean sortutako istorioak kontatzen ditu filmak atal ezberdinen bidez: «Uste dut arriskutsua dela gertatu zenaz ez hitz egitea. Gertatutakoa ez da amaitu, eta ez badugu onartzen gure izatea zein den, ez gara bizirik aterako».

«PRAKTIKA» UMORETSUENA

Sail Ofizialaren barruan aurkeztu zen bigarren filma Martin Rejtman argentinarraren ‘‘La práctica’’ izan zen. Autoreak Txilera garamatza, Gustavo (Esteban Bigliardi) yoga irakaslearen bizitzaren gainbeheraren lekuko izateko: bere bikotekide Laurak -hau ere yoga irakaslea- harremana etetea erabakiko du eta, bide batez, partekatzen zuten etxea beretzat hartuko du. Bikote eta bizilekurik gabe, noraezean, yoga klaseetan gerizpea hartuko du, baina istripu baten ondorioz hori ere utzi beharko du. Ataka horretan, bere harreman guztiak yogaren inguruan eraiki dituela ohartuko da Gustavo.

Komedia arin eta fresko honen bidez, gurutzatzen diren bideez eta harremanen konplexutasunaz mintzatzen zaigu Rejtman, yoga eszenatokitzat duela: «Yoga praktikatzen dut 1997tik, eta zinemarekin nahas nezakeela iruditu zitzaidan», azaldu zuen.

Aktoreen tonu neutroak prentsaren arreta erakarri zuen eta, hargatik galdetuta, Bigliardik adierazi du zuzendariak nahi zuen puntura iristea «erronka eta abentura handia» izan direla. Rejtmanek, bere aldetik, tonu hori «pertsonaien ziurtasunarekin» lotuta dagoela esan zuen, «ez baitute zalantzarik egiten. Entseguetan, antzezleek testua ikasi zuten, baita haren musikatasuna ere. Nik eszenak entzun egin behar ditut, ez dut eszena bat ikusi beharrik ondo dagoela ziurtatzeko».

Filmeko eszena gogoangarrienetako bat Gustavo estolda batera erortzen denekoa da. Birritan gertatzen zaio filmean. «Hori niri gertatu zitzaidan Txilen, estoldatik behera erori nintzen», aipatu zuen Rejtmanek, eta gidoian dagoen umorea bere idazkeraren parte dela zehaztu du: «Idazten dudan bitartean barre egitea gustuko dudalako». «Orokorrean umorea duten filmak egiten ditut, eta hau denetan umoretsuena dela uste dut», amaitu du.

ABUSUEN ITZAL LUZEA

Hirugarrenik, isilpean gordetzen diren gertaerek eztanda egiten dutenean etortzen diren tragediak ditu hizpide Joachim Lafossek Sail Ofizialean aurkeztu zuen ‘‘Un silence’’ filmak.

Pedofilia kasu bat ikertzen ari den abokatu baten ingurunea aztertzen du zinemagileak, plano luze eta isilune sotilen bidez, ikusleari bere familiak gordetzen dituen sekretuak banan-banan aletzeko. Filmaren muina pedofilia kasu horietan dagoela badirudi ere, abokatuaren emaztea, Astrid, da filmeko pertsonaia nagusia: bera da familian gordetzen diren sekretuen eramailea, isilpean mantendu zitezen bideratu zuena. Eta, ikusleak, motxila hori noraino eraman behar ote duen zelatatuko du filmean barrena.

Ikuslea ez duela protagonistak epaitzera eraman nahi izan azaldu zuen zuzendariak, eta gidoia lantzean hori kontuan hartu zuela: «Gidoian hitz gutxi dago, baina idazketak badu zerikusia isiluneekin, keinuekin... Gauza batzuk ikusarazi behar dira, pertsonaiek zer bizi duten erakutsi behar dut aktoreen bidez».

Filmatzeko orduan Emmanuelle Devosekin (Astrid) izan dituen elkarrizketak nabarmendu zituen, berea baita, zuzendariaren hitzetan, pertsonaiarik konplexuena: «Abokatua ez da gehiegi aldatzen, hori da bere logika perbertsoa. Baina Emanuelle heroia da, jarrera aldaketa bat hartzen du. Baita Raphaelle [Matthieu Galoux, abokatuaren eta Astriden semea] ere, bere pasibotasuna utzi egiten du. Bere barruan arnasa hartu ezin duen pertsonaia da».

Devosen pertsonaiaren gainean, zuzendariak ez duela ‘konplize’ gisa ikusten adierazi du: «Nola egin publikoak ikusteko emakume hau traumatizatuta dagoela? Askotan ez gara hitz egiteko gai, eta hitz egiteko gai ez den jendea ezin dugu konplize gisa tratatu. Sotilagoak izan behar dugu, gauzak ez direlako zuri edo beltz».