Euskalgintza, bide onean
Ausardia behar da gero neonazismoa eta euskalgintza esaldi berean jartzeko. Eta hain zuzen ere ausardia hori eskertzen diot egileari, epelegia izan daitekeen, ahots-berdintasunerako joera handiegia duen gure euskal mundu honetan hautsak harrotu eta eztabaidarako parada eskaintzeagatik. Lerro hauek idazten ditut Jon Miranderen “Haur besoetakoa” irakurtzen nabilen honetan. Liburu higuingarria, arbuiagarria oso; eta aldi berean hain da iradokitzailea, hain liluragarria, ausarta finean. Ez diezaiogun autokritikari eta eztabaidari ihes egin, akabaturik baikinateke.
Euskalgintzak akats asko egingo zituen bere ibilbide konplexuan, baina bere barnean «Ordezkapen Handiaren marko neonazia» normalizatzen eta zabaltzen ari dela esatea irakurketa erabat erratua iruditzen zait. Aipatzen den gai zentralera joz: euskalgintzak sekula ez du planteatu etorkinen afera arazo gisa, erronka, aintzat hartu beharreko edo birpentsatu beharreko auzi gisa baizik; are euskara eta euskal kultura aberastu dezakeen aukera legez. Beste askoren artean, arazoa diglosia, erabileraren atzerakada, oztopo legalak, zonifikazioa, gure lurraldeen arteko mugak, euskarafobia edo zapalkuntza izan daitezke, baina etorkinak sekula ez. Eta nolanahi ere, hizkuntza dela-eta hitz egin daiteke etorkinez, edo euren artean dauden ezberdintasunez; izan ere, zaurgarritasun maila eta ezaugarri diferenteak dituzte, dauden egoeragatik erabat bazterturik bizi direnetatik, espainiar kultura hegemonikoaren parte diren edo sentitu daitezkeeneraino. Zelako existentzia miserablera bultzatzen ditu gure gizarteak? Zenbat bazterkeria pairatzen dute? Eta zergatik ez, gure hizkuntza eta kulturarekiko zer nolako jarrera dute? Noski, haietaz baino hobe genuke haiekin hitz egin, haien bizipenak eta gureak hurbildu daitezen, herri bera osatzen baitugu, ezberdin bizi eta ulertzen badugu ere. Hortaz, euskarari dagokionez, edozertaz mintzatu gaitezen, baita gure haur euskaldunez ere, euren jatorrizko herrian, Euskal Herrian, arrotz sentitzen diren horiez, estres linguistikoa, erabateko ezintasunak izatearen ukazioa (euskaraz bizitzeko, izateko ezintasuna) edo besteen irainak jasan behar dituztenak.
Bestalde, normala iruditzen zait gurean afera horrekiko kezka egotea, euskara ez ezagutzea baita etorkinen ezaugarrietako bat, bizitzan aurrera egiteko egingo duten bide malkarrean hura ikasteko hamaika oztopo eta zailtasun izatearekin batera. AEBetan supremazistek latinoamerikarrekiko duten gorrotoa gaitzesgarria da erabat, gurean arabiar kulturari diogun mesfidantza eta ezinikusia bezainbeste, horiek pribilegio edo hegemonia posizio batetik eraikitako jarrerak baitira. Ez, ordea, euskalgintzak emandako urratsak edo lortutako aurrerabideak, menpeko izatetik erdietsi eta egunero borrokatu behar direnak (nolabaiteko instituzionalizazioa barne).
Laburbilduz, mintzatu gaitezen eta, bereziki, autokritika praktikatu dezagun.
Hori bai, ez gaitezen erori gureak ez diren marko diskurtsiboetan, otoi. Ez gaitezen beti defentsiban egon, ekiteko beldurrez, esku-loturik. Erdaldun baten aurrean euskaraz aritzea gaizki, esparru publikoan euskara exijitzea gaizki, derrigorrezko murgiltze eredua gaizki… Galtzaileak izatera kondenaturik gaude, garaipenerako bideari beldur diogulako. Azken batean, euskalgintzari egiten zaion kritika horren oinarrian ez al dago gaizki-ulertu bat? Twitterren auskalo zein norbanakori irakurritakoak euskalgintzari egoztea, euskalgintza ordezkatzen ez duen eta ondorioz bere eguneroko jarduna baldintzatzen ez duen norbanakoren baten erruz hain zuzen?
Tira, aspaldidanik ezagun zaizkigu «feminazi» edo «euskararen talibanak» gisako etiketak; berriki jakin dugu euskara burgesiaren beste instrumentuetako bat dela. Eta orain, zorioneko gu, badugulako beste ezizen polit bat: euskalgintzaren neonaziak. Zer eta guk proposaturikoa!