EDITORIALA

Aitortza eta erreparazio bidean pauso bat

Gezur baten gainean eraikitako gerra baten ondorioz atentatu ikaragarri bat izan zen Estatu espainolean 2004ko martxoaren 11n. Gobernu espainiarrak, egia esanez gero agintean zegoen alderdiak hauteskundeak galduko zituen beldur, ETAri egotzi zion atentatua. Bigarren gezur hark Iruñeko okin baten hilketa sustatu zuen. Ondoren, Angel Berrueta okinaren familiak Poliziaren erasoa jasan zuen beilatokian, hainbat urtetan heriotza-mehatxuak egin zizkieten telefonoz, baita okindegiaren aurkako erasoak eta etxeko atean pintaketak ere... Eta denbora horretan guztian inongo erakunde publikok ez ditu biktima gisa aitortu. 20 urte geroago, Estatuaren indarkeriaren biktimen aitortza eta erreparaziorako balorazio batzordeak hartu du Angel Berruetaren familia.

Nabarmena da Estatuaren indarkeriaren biktimek jasan duten diskriminazioa; horregatik, Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak atzo esan zuten bezala, oso garrantzitsua da Nafarroako 16/2019 legeak irekitako bide horri eustea, banakako urrats horien batuketak eta aitorpen ofizialen batuketak «balio handiko erradiografia eskain dezaketelako kolektiboki, memoriaren esparruan eta gertatutakoaren kontakizunean duten eraginagatik eta bizi dugun gatazkaren izaera politikoa bistaratzen duelako». Oraingoz, batzorde horrek 35 eskaera jaso ditu, eta lehenago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zabaldutako bide hori egiten hasi ez den jende asko dago, hainbat arrazoi direla eta; horrenbestez, eskubide urraketen aitortza ofizialerako aukera horri eustera animatzen dute Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek, baita horretarako laguntza eskaini ere.

AEBetako presidente ohi Donald Trump auzipetuta dago hauteskundeen emaitzen gaineko gezurrak zabaltzeagatik, Jose Maria Aznar eta haren Gobernua ez bezala. Ez dituzte auzipetu hauteskundeen aurretik zabaldutako gezurragatik eta heriotza horretan izan zuten erantzukizunagatik; biktimak errekonozitu eta erreparatzeko prozesu hau berandu dator; hala ere, aukera bat da biktima guztiek merezi duen aitortza eta erreparazioan pauso bat emateko. Memoriari eusteko.