GARA Euskal Herriko egunkaria

LGTBI+ kolektiboaren «narratiba berriak»

LGTBIQ+ kolektiboaren inklusibitatea eta aniztasuna zineman nolakoa den lantzen du urtero Zinemaldiaren Iberoamerikako topaketak. Bilboko Zinegoak edota Zaragozako Zinentiendo festibalek ere ikuspegi hori jasotzen dute, eta azken urteetan «narratiba berriak» sortzen dabiltzala nabarmendu dute.

Alaitz Arenzana, Pau Guillen eta Mapi Gracia; Zinegoak eta Zinentiendo festibaletako arduradunak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Iberoamerikako LGTBIQA+ zinema jaialdien 9. topaketak egiten ari dira Zinemaldian. Atzo goizean San Telmo museoan izandako mahai inguruan Carolina Robledo Asunciongo (Paraguai) Lesbigaytrans zine jaialdiko programatzailea, Bruna Haddad ekoizlea eta Alice Stamato ekoizleak parte hartu zuten. LGTBI+ kolektiboaren narratiba berriak, lan egiteko moduak, sortutako gatazkak eta aukerak aztertu zituzten; Latinoamerikako ikuspegitik landu zuten, esperientzia pertsonaletatik, eta ondorioztatu zuten ezberdina dela herrialde bakoitzaren egoera.

Inklusibitateak eta aniztasunak ozeanoaren bestaldean duen presentzia jakin nahian, elkartu genituen Alaitz Arenzana Zinegoak festibaleko zuzendaria, Pau Guillen zuzendari ohia eta Mapi Gracia Zaragozako Zinentiendo festibaleko kidea.

Graciak Zinegoak festibala erreferentziatzat izan du aspalditik: «Oso modernoa eta ausarta da. Guk egin nahi genuena Bilbon egiten zutela ikusten genuen».

Mahai inguruan aipatutako LGTBI+ ikuspegiak biltzen dituzten filmak aurkezteko festibalak izaten dira leku aproposak, hala uste du behintzat Zinegoak festibaleko zuzendariak: «Badira beste narratiba batzuk gure errealitatera gehiago hurbiltzen direnak, eta uste dut publikoa gero eta gehiago hori eskatzen ari dela eta zinemagile gehiago gai inklusiboak lantzen ari direla. Guk aterpea ematen diegu».

Zinema ardura politiko batetik ere bizi dute festibalen antolatzaileek. Guillenen iritziz, zine komertzialak helarazten dituen diskurtsoen aurrean beharrezkoak dira «narratiba berriak» izendatutakoak, «diskurtso homogeneo eta bakarra soilik ez zabaltzea bilatzen dute horrelako lanek». Graciak eten zion momentu batez: «Bestela guztiak izango lirateke zis zuri eta heteroak».

Sortzeko askatasun gehiago dagoenean, beste errealitate batzuk bilatzen dira, Guillenen aburuz: «Zinema komertzialean dena egiten da estereotipo jakin batetik. Dirua duen horrek egiten du film bat, eta sarritan bere estereotipoaren araberako zerbait sortzen du». Graciaren iritziz, gizartean gertatzen ari dena jasotzen dute beraien festibaletan proiektatutako lanek: «Gizartean gertatzen ari denari pultsua hartzeko balio dute». Denbora luzez ezkutuan egondako errealitateak pantailara heltzen ari dira, bere ustez.

EUSKAL HERRIAN ERE ALDAKETAK

Atzoko mahai inguruan kontatu zuten narratiban aldaketak izaten ari direla, Zinegoakeko lagunek Euskal Herriko produkzioan sexu-genero eta indentitateen aniztasunaren ikuspegitik emandako aldaketak aztertu zituzten joan den urtean.

Arenzanak aldaketa nabarmenak izan direla kontatu zuen: «Norberaren identitate propioa onartzetik, pasatu gara bestelako gatazka batzuk mahai gainean jartzera. Jada ez da aski lesbiana izatearekin. Zer kontatuko dut?». Guillenek zehaztu zuen lehen pertsonaia nagusi guztiek barne gatazka bat zutela, eta orain ez: «Beraz, edozein pertsonari gertatu ahal zaizkion kontuez ari gara; beste narratiba posible batzuk ikusten dira LGTBI+ kolektiboari lotuta. Hori beharrezkoa da. Ez ginateke existituko narratiba berri hauek gabe».

Graciak aitortu zuen festibala osatzeko aukeratutako film, hitzaldi edo ekintza kultural bakoitzean erabaki politiko bat dagoela: «Saiatzen gara oreka izaten programazioan, gure prisma politikotik, baina eskaintza zabala eginez». Arenzanak, aldiz, Zinegoaken kasuan ez direla «hain orekatuak» aitortu zuen: «Nik beti esaten dut konpentsazio historiko moduko bat dagoela. Orain proiektu trans eta lesbiko gehiago jartzen ditugu. Gay gutxiago daudela? Bai, baina lasai egon, luzaroan izan da gehiengoa».

Haddadek eta Stamatok hitzaldian azaldu zuten narratiba eta ikuspegi berriez gain, egiteko moduei ere erreparatzen dietela. Haddaden ekoiztetxeak, adibidez, protokolo eta klausula propioak egin berri ditu inklusibitate eta aniztasun hori bermatu eta errespetatu dadin.

DIRUA ETA GAZTEAK

Dena ez da polita izaten, ordea. Eta beraien praktikan aldatu beharrekoetan badute zeregin pendiente bat, lanbidea duintzea. Graciaren dioenez, «jendeari elkartasuna eskatzen diogu, ahal duguna ordaintzen diegu, aktibismoz egiten dute beraiek ere; baina borrokan ari bagara horrelakoak ez pasatzeko, eta eskatzen ari bagara LGTBI+ kolektibokoak ez prekarizatzeko, nola prekarizatzen ditugu ondoren guk? Ba, etengabe dirulaguntzekin ezin dugulako funtzionatu».

Zinentiendo festibalaren antolatzailearen esanetan, ez dira batere errentagarriak horrelako jaialdiak: «Ekonomikoki ez dira errentagarriak, baina bai sozialki. Administrazioak diru gehiago eman behar luke; inbertsio bat da gizartearentzat, eta horrek bizikidetzan eta kulturan itzulera bat du». Zinegoaken kasuan, «profesionalizaziorantz» urratsak egiteko ahaleginean dabiltzala kontatu zuten, baina oraindik ere dirulaguntzetatik bizi direla, «eta hori oso nekagarria da».

Belaunaldi berriak gerturatzea da gisa honetako festibalek duten erronka nagusietako bat. Zinema aretoetan gazteen falta sumatzen baitute. Zinegoak zein Zinentiendo festibalak filmetatik harago doaz; «kultur topaketa handi bat» dira, antolatzaileen esanetan. Eta gazteek beste ekintza batzuetan gehiago parte hartzen dutela kontatu zuen Guillenek: «Drag queen tailerretan, ballroom-etan… Nik uste dut badutela sentsazio bat ekintzetan protagonista izan nahi dutela, eta zineman begirada pasibo bat izatea ez zaie interesatzen».