GARA
CAIXABANK MASTERSA

Ostiraleko finalerdiei begira daude pilotariak, materiala aukeratu eta gero

Bi lote eskaini zitzaizkien finalerdi bakoitzerako. Pilotariek, material bizixeagoa faltan sumatu arren, ez zuten kexarik izan. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak zuzenean sailkatzea lortu zuten; gainontzekoek, berriz, play-offetatik pasatu eta gero.

Caixabank Masterseko finalerdietako zortzi protagonistak, denak gustura pilota aukeraketaren ostean.
Caixabank Masterseko finalerdietako zortzi protagonistak, denak gustura pilota aukeraketaren ostean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Caixabank Masterseko finalerdietarako sailkaturiko lau bikoteek atzo arratsaldean aukeratu zituzten datorren ostiral gauean Iruñeko Nafarroa Arenan izango den jaialdian finalerako txartela jokatzeko loteak.

Finalerdi bakoitzerako sailkaturiko pilotariei lote ezberdin bana eskaini zitzaien; lehenengo Altuna-Imaz eta Peña II.a-Rezusta bikoteak aritu ziren eta hauen ostean, Ezkurdia-Mariezkurrena eta Jaka-Martijaren txanda izan zen. Zortziek ez zioten inolako trabarik jarri Aspe eta Baiko enpresetako intendenteek proposatutako loteari.

Altuna-Imazek 105,4, 105, 1 eta 105,1 gramoko pilotak banatu zituzten; Peña-Rezustak, 105,8, 105,7 eta 104,5 gramokoak. Ezkurdia-Mariezkurrenak, berriz, 104,5 105,8 eta 104,7 gramoko bana aukeratu zuten, eta Jaka-Martijak, 104,5, 105,1 eta 105,3 gramokoak. Lehenengo aukeratu zuten bikoteek irteera bizieneko pilotak bereizi zituzten.

IKUSKIZUN BIKOITZA

Jakina den bezala, bi finalerdiak ostiral honetan jokatuko dira. Lehengoa 21.15ean hasiko da eta Ezkurdia eta Mariezkurrena egungo txapeldunek Jaka-Martijaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Ezkurdiak eta Mariezkurrenak abantaila txiki bat dute, etxean jokatuko dutelako, eta iaz ere txapeldun izan zirelako, orduko finalean Jokin Altuna eta Ander Imaz mendean hartuta.

Ezkurdia eta Mariezkurrena, gainera, sailkapeneko lehen postuan dira aurreko bost jardunaldiak jokatu ostean lau garaipen lortuta.

Lehenengo finalerdiaren ostean, bigarrena jokatuko dute Altuna III.a-Imaz eta Peña II.a-Rezusta bikoteek. Irabazleek finala jokatuko dute.

Bigarren finalerdiko bi bikoteek play-offetan lortu zuten finalaurrekoa jokatzeko txartela. Ezkurdia eta Mariezkurrena, aldiz, zuzenean sailkatu ziren azken jardunaldiaren ostean sailkapeneko lidergoari eutsita. Bosgarren jardunaldiko partidan, gainera, garaipen erosoa lortu zuten, 22-11, Larrabal-Zabaleta bikotearen aurka.

«Giro ederra egongo da ostiralean eta gogotsu etorriko gara. Ez da pilotaleku erraza, oso gogorra baita, baina ilusioz gainezka etorriko gara eta ea finalerako pausoa ematen dugun», adierazi zuen Jokin Altunak.

Zuhur, Jon Ander Peñak lan zailak aurreikusi zituen bere finalerdiari begira. «Aurrean Jokin dago eta atzean, oso uda ona egin duen Ander. Oso sendoak dira biak eta beraiei tantoa egitea asko kostatzen da. Horregatik, gehienetan 22ra iristen dira», ohartarazi zuen Tolosako aurrelariak aukeraketaren ostean.

AURREKARIAK

Nolanahi ere, aurrekariek beste zerbait diote. Izan ere, Altuna III.a eta Imaz, teorian behintzat, faborito izango dira Peña II.a eta Rezustaren aurka, bada ligaxkako bosgarren jardunaldian 20-22 nagusitu ziren Tolosakoa eta Bergarakoa, hilaren 2an Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan jokaturiko neurketan.

Ezkurdia eta Mariezkurrena bera ere, bestalde, faborito izan litezke agian aurreneko finalerdia irabazteko, baina gogoan izan behar da ligaxkan hain zuzen Jaka eta Martijaren aurka galdu zutela Caixabank Masterseko iazko irabazleek. Laugarren jardunaldian, Altsasun, 19-22 nagusitu ziren Lizartzakoa eta Etxeberrikoa joan den abuztuaren 18an.

Bat dela edo bestea dela faborito, Joseba Ezkurdiak, sanmateoetako finala irabazi berritan hazita, baikor aurkitu zuen bere burua. «Uda amaiera aldera hobeto sentitzen ari naiz, gauzak hobeki eginez gainera. Eta azkenengo torneoa irabazita, berriz, moralez ere hobeki nago baikorrago».

Finalerdietarako, 2.000 ikusleko konfigurazioarekin, ia sarrera guztiak salduta daude. Finala, igandean, urriaren 1ean, jokatuko da, Nafarroa Arenan. Pilota jaialdia 17.00etan abiatuko da, jakina denez. Igandeko finalerako, berriz, 3.000 ikuslerentzako sarrerak jarriko dira salgai.

Ildo horretan, Julen Martija ostiralean zein igandean harmailak beteta eta giro bikaina izango delakoan azaldu zen. «Ia beteta dago dena eta ziur nago jendeak asko gozatuko duela eta ea guk, finalerdian, partida polit bat egiten dugun eta jendea gustura joan daitekeen etxera», azpimarratu zuen.