Iraitz MATEO
DONOSTIA

C. Tanganaren itzalpeko Anton Alvarez ere ikusi zen Belodromoan

«Una ambición desmedida» da C. Tanganaren azken lanaren izenburua. Dokumentala da, «El Madrileño» kontzertu birako irudiak eta prozesu artistiko osoa jasotzen duen ikus-entzunezkoa. Abeslariak zenbait eszenak deseroso sentiarazten dutela aitortu zuen, baina pozik dago emaitzarekin. Zinema egiteko gogoz geratu dela esan zuen, eta horretan dabilela iragarri.

C. Tangana, Belodromoko oholtzara igotzear, atzo iluntzean.
C. Tangana, Belodromoko oholtzara igotzear, atzo iluntzean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

Belodromoko pantailak 400 metro karratu ditu; Zinemaldiko handiena da, eta halakoa zen atzo iluntzean bertara sartzeko ilara ere; ez zuen alferrik barruko dokumentalak ‘Una ambición desmedida’ izenburua; C. Tangana abeslariaren lau urteko ibilbidea jasotzen duen film luzea. Movistar+en laguntzarekin ekoitzi dute, eta aipatu zuten hasiera batean hiru ataleko telesail bat izatekoa bazen ere, azkenean guztia dokumental bakarrean batzea erabaki zutela.

Barruan zein kanpoan urduritasuna zen nagusi; adin guztietako ikusleek egin zuten topo ilaran, eta barrura sartzean guztiak elkartu ziren txalo eta oihu artean. C. Tangana deitzen diote gehienek; gertukoek, Pucho, eta Anton Alvarez da abeslariaren berezko izena. Guztiak batzen ditu dokumentalak, zenbait momentutan ikuslea kantari jartzeraino.

Urduri ikusi zituen abeslariak Belodromoko ikusleak eta helburu partekatu bat proposatu zien: «Dokumentalaren amaieran orain arte bezain ongi erortzen banatzaizue, hori jada arrakasta da niretzat». Proiekzioaren aurreko agurrean aitortu zuen badirela gustuko ez dituen eszenak, «egoera konplikatzen denean, haserretzen naizenean... baina gustatzen zait filmean dauden beste hainbat gauza ere: nola egiten dugun lantaldean batez ere». Berarekin batera igo ziren oholtzara Cristina Trenas, Santos Bacana eta Rogelio Gonzalez, Little Spain ekoiztetxeko kide eta lagunak.

Lauren arteko besarkadak erakutsi zuen duten konplizitate sakona, baita ilusioa ere. Lan handia egin behar izan dutela kontatu zuten. «Gu bideoklipetatik eta publizitatetik gatoz, eta garrantzitsua izan da guretzat Zinemaldiak gugan konfiantza izan eta horrelakoak ere egin ditzakegula erakustea», adierazi zuen Bacanak.

«Erokeria», «amets bat betetzea» eta «elkarrekin maiteminduta egotea»; horiek izan ziren ekoiztetxeko kideen hitzak, eta, askotan ez zutela inoiz proiektatuko pentsatu izan badute ere, pozarren ziren atzo.

Bacanak kontatu zuen “El Madrileño” grabatzera estudiora joatean sortu zela guztia dokumentatzeko ideia. «Zerbait interesgarria zegoela sumatu genuen, zer zen ez genekien arren». Eta artistak hain berea duen intuizioari jarraituz, kamera bat zuen eskuan etengabean Trenasek: «Nik kamera eramaten nuen eta grabatu egiten nuen. Iruditzen zitzaidan horrela benetako zerbait aterako zitzaigula».

«EZ DAKIT KANTATZEN»

Gatazka nagusi bat du protagonistak dokumentalean, eta argi aitortu zuen: «Badakit ez dakidala kantatzen». Atzo egindako adierazpenetan gatazka horri eusten zion, baina begirada baikorra gailendu zitzaion: «Nire zaleentzat nire ahots- korden interpretazioa ez da garrantzitsuena. Jendea ez dator nire ahotsa entzutera, konposizio horiekin egiten dudan performancea ikustera dator; eta nik sinesten dut nire dohain artistikoetan eta norbaiti nik egiten dudanaren atzeko ideia interesatzen bazaio, kontzertuetan hunkitzera irits daiteke».

Protagonistak berak aitortu zuen prozesu osoan zehar ez zuela jakin zein punturaino «irekitzen» ari zen. «Nik utzi egin behar izan diet nire bizitzan sartzen. Dokumentalean ikusten diren nire bizitzako zati batzuk oso gogorrak izan dira», azaldu zuen. Baina aldi berean, bere burua kanpotik ikusteko modu bat izan dela kontatu zuen: «Zoritxarrez ikusten den bezalakoa naiz; kontrolaren obsesio bat garatu dut alor sortzailean. Nitaz hobetu nahi ditudan gauza asko ere ikusi ditut; gustuko dut utzi didan arrastoa».

DIRUA BAINO ANBIZIO GEHIAGO

Alor ekonomikoa ere izan zen hedabideen aurreko aurkezpenean hizpide; dokumentalaren hasieran ere arazo horrek hartzen du protagonismoa, Trenasen esanetan, «anbizio sortzaile handia, baina hori gauzatzeko ezintasun finantzarioa» zuten. C. Tangana argia izan zen diruaz hitz egitean: «Ekonomikoki ez gara hondoratu, baina bi urteko tarte horretan pisu bat eros nezakeen, adibidez».

Dokumental honekin etapa bat amaitzen duten sentsazioan bat zetozen taldekideak. Bacanak hala adierazi zuen: «Etapa bat bukatzen da guretzat, gure ekoiztetxea ‘El Madrileño’-ri lotuta sortu zen, gero kontzertu bira egin genuen, eta orain hau. Etapa bat ixten da, baina zerbaiten hasiera dela sumatzen dut».

Geldirik ezin egotea zer den: «Orain, zinea egiteko anbizioa dut, egiten saiatuko naiz eta bukaeran ikusiko da zer den». Baina kazetarien galderen aurrean, ezin izan zion iragarpena botatzeari eutsi: «Non scripted den zerbait egiten ari naiz nire artista gustukoenaz, Yerai Cortesi buruz alegia; bera nor den artista bezala, bere konposatzeko modua... erakutsi nahi ditut». Bere etorkizun musikalaz galdetuta, ordea, ez zuen erantzun argirik eman: «Jarraituko dut musika egiten natural ateratzen zaidan zerbait delako, baina oraindik ez dut ideia argirik; hori bai, hurrengo egingo dudanak aurrez egin dudanak bezainbeste edo gehiago apasionatu behar nau».