GARA
GASTEIZ

Sanchezen inbestidurarako «aurrerapenak» aipatu ditu EH Bilduk, EAJk ez

Mertxe Aizpurua, EH Bilduko diputatuekin.
Mertxe Aizpurua, EH Bilduko diputatuekin. (Javier SORIANO | AFP)

Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioak «porrot» egingo du gaur, ustekaberik ezean, eta horregatik begirada guztiak Pedro Sanchez presidente egiteko negoziazioetara birbideratzen hasiak dira. Atzo zenbait hedabidetan argitaratu zenaren arabera, Moncloako oraingo agintariaren asmoa urrian bertan karguan berretsita izatea da eta horri begira pauso ugari emana du, nahiz dena isilpean gordeko den fase honetan.

Informazio horiek mahai gainean direla, Mertxe Aizpurua Madrilgo Kongresuko EH Bilduren bozeramaileak Euskadi Irratiari emandako elkarrizketa batean aipatu zuenez, zenbait gauza «aurreratuta daudela» ulertzeko zantzuak egon badaude. Ez du besterik argitu, «hitz gutxi eta lan asko» baita EH Bilduren irizpidea prozesu honetan.

Sanchez presidente izateko «ez gara hutsetik abiatu», aipatu zuen elkarrizketa berean, inolako zehaztapenik eman gabe. Datorren legegintzaldian eztabaida nazionala «behingoz» irekitzeko garaia dela aldarrikatu zuen, gaiari heltzen ez bazaio «zintzilik» jarraituko duela deitoratuz. «Aurrean dugun aukera bat da, inoiz ez bezala parez pare irekitzen zaiguna», esan zuen.

Bestalde, EAJko bozeramaile Aitor Estebanek ez du baztertzen berriro hauteskunde orokorrak izan litezkeenik, Herri Irratian emandako elkarrizketa batean esan zuenez, baina uste du Sanchez «erraza izango ez den» inbestidura bat egiten saiatuko dela, eta urriko lehen bi asteak «nahiko argigarriak» izango direla iragarri zuen.

KATALUNIAKO PARLAMENTUAK LANGA IGO DU

Osoko Bilkura baliatuz, alderdi independentistek amnistiaren aldeko ebazpen bateratua adostu zuten atzo Kataluniako Parlamentuan. Abiapuntutzat, 2020an ERC, Junts eta CUP alderdiek egindako amnistia lege-proposamena hartzea eskatu zuten, «arrazoi politikoengatik jazarritako errepresaliatu» guztiak babestuko lituzkeena.

CUP gabe beste bi alderdi independentistek adostutako bigarren ebazpen batean, Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatzeko baldintzak jarri zizkioten euren buruari: Madrilgo Gobernuak autodeterminazio erreferendum bat egiteko baldintzak lantzeko konpromisoa hartzea.