GARA Euskal Herriko egunkaria

Dementziaren atzeko egiaren bilaketa, «Great Absence» filmean

«Great Absence» filmeko Tatsuya Fuji aktorea eta Kei Chika- Ura zuzendaria. (Jon URBE | FOKU)

Sail Ofizialean lehiatuko den azken filma, “Great Absence”, atzo arratsaldean estreinatu zen. Takashik (Mirai Moriyama) 20 urte daramatza aitarengandik aldendurik, Yohjirengandik (Tatsuya Fuji), gurasoak banandu zirenetik. Aitarekin harremanetan jartzen denean, hark, dementziak jota, bere azken emazteak bere buruaz beste egin zuela kontatuko dio; Takashik, berriz, dementziak eragindako aitaren istorioen eta errealitatearen artean egia bilatu beharko du.

Hedabideen aurrean hitza hartzen Sail Ofizialeko lehiakideetan azkenak izan ziren Tatsuya Fuji aktorea eta Kei Chika-Ura zuzendaria. Ideiaren edota inspirazioaren jatorriaz galdetuta, bi gertakari zehatz azaldu zituen zuzendariak: «2020ko apirilean pandemia etorri zen, eta nire aitak dementzia izan zuen; bi gertakari hauek elkartuta, oso zaila izan zen momentu hori. Hala ere, ez da benetako kontakizuna; bi arrazoi horiek ekarritako fikziozko film bat da».

Jorratzen den gaia kontuan hartuta, beste hainbat zuzendari japoniarrek ere alzheimerraren gaia aukeratu izan dute. Chika-Urari gizartean gai horrek duen garrantzia edota presentziaz galdetuta, ohikoa den arazo soziala dela adierazi zuen: «Estatistiken arabera, Japonia da mundu mailan dementziaren ehuneko altuena duen herrialdea, eta, alde horretatik, pentsa genezake Japonian indar handiko arazo soziala izan daitekeela. Nik uste dut gero eta luzaroago bizi garela, eta gaixotasun hau zahartzaroari lotuta egonik, baduela zerikusia».

LEHEN ETA BIGARREN PERTSONAIAK

Pertsonaia nagusia interpretatzen du Fujik, eta filmean, bere pertsonaiak semeari iraganeko norbait antzeztea oso zaila dela esaten dio, inoiz ez duela lortuko izan zena ongi interpretatzea. Berari egokitutako pertsonaiari buruz, ordea, bestelako iritzia du: «Nire pertsonaia ez zen antzezteko zaila, pertsonaiak xurgatu egin nau antzezle gisa, kontrolpean izan dudan pertsonaia bat izan da». Antzezleak eta zuzendariak batera lan egin duten hirugarren aldia da.

Protagonista nagusiak gizonak badira ere, bi emazteek ere paper garrantzitsua dute: Yoko Makik eta Hideko Harak. Zuzendariak aitortu zuen «nahiko rol konplikatua» zutela biek, bigarren mailako pertsonaiak izanik. Japoniako gizartean gizon eta emakumeek osatutako bikoteen harremana islatzea lortu dutela uste du zuzendariak. Bitxikeria bat gehitu zuen Hara eta Fujiri buruz; duela 40 urte batera egin zuten film bat: «Frame berean berriro elkarrekin ikustea hunkigarria izan da».

ZINEMAREN GARRANTZIA.

Chika-Urak aitortu zuen publikoa ari dela zinema aretoetara itzultzen eta hori pozgarria dela: «Egun, oso erraza da ikus-entzunezkoak zure pantailan ikustea, baina filmak komunitatean ikusi behar dira, pantaila handian, zenbat eta handiagoan hobeto. Nik filmak pantaila erraldoietan ikusteko modukoak egin nahi ditut».

Pantailari lotuta, argazki zuzendarien lana oso garrantzitsua izaten da. Bigarren aldia zuen zuzendariak Yutaka Yamasakirekin lanean, eta kontatu zuen gero eta hobeto moldatzen direla: «Argibideak ematen nizkion, kameren posizioak zeintzuk ziren, eta berak bere ideiak esaten zizkidan; feedback hori zegoen eta oso garrantzitsua da hori».

Filma amaitutakoan, mezu elektroniko bat bidali zion Yamasakiri, filmaketa «erabat kitzikagarria» izan zela, eta emaitza «Yamasakiren estilo purua» ez bazen ere ederra gelditu zela kontatzeko.