GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Pilota-plazak


Plazako binakako esku pilotak baditu txapeldun berriak. Berriak edo. Atzo jokatu zuten finala Azkoitiko Goiko Losa pilotalekuan eta aurrez aurre izan ziren Zabaleta-Mujika eta Iturriaga-Ruiz de Larramendi bikoteak, parez pare. Hasiera batean, 2021ean, pandemiaren testuinguruan, momentu horretarako erraztasunak eskaintzen zituen modalitatea zelako adostu omen zuten plazan jokatzea eta, gerora, txapelketak xarma berezia bereganatzen duelako mantendu dute. Kontuak horrela, hirugarren urtez jarraian iritsi da Plazaz Plaza txapelketa finalera. Eta nonbait antzematen bada kirolari profesionalak kirolari profesional direla, hori egindako adierazpenetan da: «Hamazazpi plaza pasa ditu txapelketak, bata bestearengandik oso ezberdinak denak ere, eta horrek baldintzak aldatzen ditu. Berezitasunak berezitasun, ordea, frontoia bera da denontzat eta hor ez dago aitzakiarik».

Ez naiz ni kirol profesionalaren defendatzaile sutsua. Ez sutsu, ez iaio, ez defendatzaile. Badena nor den jakiteak, baina, asko laguntzen dit. Emakumezkoen eskuzko pilota ere profesionala izan dadin sortu zen pilotariz osatutako Ados Pilota Elkartea eta nabarmentzeko moduko lorpenetako bat da instituzioetan barrena egin beharreko bideak frontoietan egindakoari itzalik ez egitea. Maite Ruiz de Larramendi ez du inork oroituko Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteagatik; bai, ordea, pilotari emandako astinduengatik. Eta finalaren atarian egindako adierazpenak elkartearen zehar-lerroak kontuan izanda irakurtzen ari nintzela iruditu zait artefaktu bat nuela eskuetan, irakurtzen ari nintzen esaldien azpian zerbait gehiago zegoela irakurtzeko. Parean aritzeak eta parez pare aritzeak ez dute esanahi bera, badaude erraztasunak dituzten modalitateak («gizonezkoen» inplizitu batekin hasten diren modalitateak, adibidez), emakumeen kirolari eskatzen zaiona «xarma berezia» izatea da eta frontoi bat plazan errazago lortuko duzu plaza bat frontoian baino. Frontoia bera bada denentzat, zer aitzakia dago batzuk profesional izateko eta besteak ez?