Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Oliobideek olioa garraiatuko

Hamaika ikusteko gara, gero! Hamaika ikasteko ere, gero! Ezinezko egiten baitzait ikusiaz ez ikastea; behin begiratuta, ikusi demontre! Eta ikasi demonio! Total, non nengoen ni? A, bai! oliobideez. Kolpea gero hau ere! Logika halakoa! Erromes-bidea erromesek egiten duten bidea izanik, errepidea etengabe zabaltzen ari diren bidea bada, gurutze-bidea egurra lepoan eroan behar duenak aldapan gora egindakoa, gasbidea gasak egiten duena... oliobidea petrolioak egiten duena izan behar, ezta? Horixe nire logika, okerra gero! Usteak ustel, nireak behintzat!

Orain arte horixe izan da, bai, oliobidea petrolioa batetik bestera garraiatzeko hodi-sare luzea, zenbat eta distantzia handiagoa izan orduan eta oliobideagoa, zer-zelan zeharkatzen dituen axola ez dela; azken batean oliobidearen garrantzitsuena ez da pasabideko lurraldeen garapena, helburuko lurraldeen hazkuntza baizik. Bada aldea, garatu eta hazi! Harira, Murgoitio, harira demontre! Non...? A, bai! Bada ez, orainean hasten ari den geroan gauzak ez dira hola izango, eta ez dakit ekonomia zirkular ditxoso horren eraginez izango ote den-edo, baina aurrerantzean oliobideek zer eta olioa garraituko! Kozinatzekoa!

Are gehiago, oliobide batzuk oliba-bide bihurtuko ere, produktua modu bietan garraiatzeko. Hori bai, pasabideko lurraldeek bere horretan segituko dute, usainean baino ez. Trantsizioa esango dioten horretan Elizaren lobbyek ere agertua dute interesa, betiere oliobideak olio birjina eta olio santuak garraiatzeko bidea ematekotan. Amen!

Eta, bitartean, bikaintasunaren sor-marka den Euskadi oasia «laino beltzez betea» agertzeko batzuek duten gaixotasun mentala kritikatu du milagarrenez Ajuriaenekoak. Laino beltzak? Erradikalen errua izango ote Euskadiko berotegi gasen igoera ere? Kapaz!