GARA
DONOSTIA

Presoen etxeratzea oztopatzea gero eta ulergaitzagoa dela salatu dute

3.000 lagun inguru atera ziren kalera ikasturte berriko lehen azken ostiralean «Etxera» aldarria ikusarazi eta entzunarazteko. ETAren ekinbide armatua amaitu zenetik hamabi urte eta desagertu zenetik bost pasatu direla ekarri zuten gogora.

Barbado eta Zelaiaren kasua salatu zuten iraileko azken ostiralean. Irudian, Bilbo.
Barbado eta Zelaiaren kasua salatu zuten iraileko azken ostiralean. Irudian, Bilbo. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Kurtso berrian aldarrikapenari eutsi zioten 3.000 lagun inguruk iraileko azken ostiralean: «Etxera». Parte hartze datua 53 herri eta hiritan Sarek eta Etxeratek batera egindako mobilizazioetan jasoa da, nahiz eta gehiago ere izan ziren.

Hauek dira datuak, elkarte hauek jasoak; Oñatin 50 lagun, Zegaman 10, Errenterian 80, Astigarragan 30, Hernanin 97, Urdulizen 4, Gasteizen 200, Lezon 35, Lekeition 85, Iruñean 64, Etxarri-Aranatzen 72, Orozkon 13, Zeberion 32, Lizartzan 34, Mendaron 8, Busturian 30, Laudion 24, Galdakaon 52, Zuian 47, Zestoan 22, Basaurin 25, Mañarian 22, Bergaran 40, Arrasaten 160, Leioan 42, Irurtzunen 20, Muxikan 15, Arrigorriagan 25, Ondarroan 103, Erromo-Itzubaltzetan 26, Portugaleten 25, Ikaztegietan 15, Algortan 74, Lazkaon 69, Usurbilen 50, Markina-Xemeinen 48, Lasarte-Orian 80, Amurrion 35, Durangon 60, Ean 31, Gernika-Lumon 70, Beran 35, Orion 12, Berriozarren 40, Zornotzan 38, Deban 41, Ugaon 55, Araitz-Betelun 14, Lekunberrin 7, Santurtzin 56, Bilbon 105, Zaratamon 27, Donostian 120.

Toki horietan irakurritako mezuak errealitate aski ezaguna nabarmendu zuen: «Orain, ikasturte berriaren hasierarekin, berriro diogu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen. Salbuespena indargabetuz eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzea besterik ez. Nekez uler daiteke, ETAren jardueraren amaieratik 12 urteren ostean eta bere desagerpenetik bost urte baino gehiago pasatu direnean, espetxetik irteteko zigor krudela ezartzea oraindik orain pertsona horiei. Euskal presoek batez beste 20 urteko zigorrak bete dituzte eta badira preso batzuk 30 urte baino gehiago daramatzatenak espetxean», ekarri zuten gogora.

«Auzitegi Nazionalaren eta Fiskaltzaren jarrerek argi adierazten dute mendekuan eta gorrotoan gotorturik jarraitzeko hautua egin dutela. Nola uler daiteke bestela Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek jasotako epaia?», jarri zuten adibide gisa, Gasteizen atzo egin zen mobilizazioaren bezperan. «Iraganari begira eraikitako epaia da, gizarte honek gainditu baino egin nahi ez duena», esan zuten.

«Etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea da; gehiengo politiko, sindikal eta sozialak argi eta garbi esan du konponbide bat behar duela preso, iheslari eta deportatuen auziak. Baina Auzitegi Nazionalak eta politika eta komunikabideen hainbat sektorek hemen ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen dute. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe-politika humanistaren legezko helburua», salatu zuten Sarek eta Etxeratek.

EUSKAL GIZARTEARI ETA ESPAINIAKOARI

«Euskal gizarteari, baita Espainiakoari ere, gure helburuak zein diren argi eta garbi azaltzen jarraitu behar dugu. Etxera. Bai, etxera. Euskal gizarteak berak, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte-erakundeek eta herritarrek izan behar dute salbuespenari eta arbitrariotasunari amaiera emateko giltza. Gutako bakoitzak badu bere esku gauzak aldatzea», adierazi zuten elkarretaratze hauetan.

Aipamen berezia egin zieten duela 22 urte urruntzearen eraginez auto istripuz hil ziren Iñaki Saez eta Asier Herizi (irailean gertatu zen ezbeharra). Hauek eta gainerako 14ek ez dutela oraindik aitortza ofizialik izan oroitarazi zuten.